Ekainaren 15ean inauguratu zuten Arraioz eta Elbete lotzen dituen saihesbidea. Ekitaldi gorabeheratsua izan zen. Batetik, Nafarroako Gobernuan sortu den egoera dela eta, kontseilaria eta zuzendaria etorri beharrean, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Eraikuntza Zerbitzuko zuzendaria, Estela Moso, izan zen Gobernuko ordezkaria. «Errespetu falta nabarmena izan arren», Udal Gobernuak ekitaldira joatea erabaki zuen, baina ekitaldia hasi baino lehen jakin zuten herritar talde bati ukatu ziotela ekitaldia egin behar zen tokira pasatzea. Herritar talde honen asmoa ekitaldian partehartzea zen eta Elizondoko zubia lehenbailehen egiteko eskatzea. Udal ordezkariek Foru Poliziaren arduradunekin hitz egin zuten herritarren partehartzea eta adierazpen askatasuna bermatu zezaten eskatzeko, baina Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, «momentu horretan Foru Poliziak jarrera oldarkorrean herritarren parte-hartzea galarazi eta herritarren ordezkari bat erasotu zuen». Honen ondorioz, Udalak egoera salatzea eta ekitaldian ez parte hartzea erabaki zuen. «Herritarren ordezkari bezala, ezin dugu onartu herritarren partehartzea eta adierazpen askatasuna galarazten duten ekitaldien parte izatea. Guztiz salagarria da Baztanen egindako ekitaldi batean, polizia bertako ordezkariak erasotu eta herritarren partehartzea ukatzeko erabiltzea», azaldu du Udal Gobernuak.
Hala ere, hurbildutako guztiei inaugurazioko ekitaldian ez partehartzeko arrazoiak eman zizkieten eta eskerrak eman zizkieten saihesbideko lanetan aritu diren guztiei (Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamenduari, Teknikariei, Batzordean parte hartu duten herrietako alkateei, eta enpresako langileei). Oharrean gaineratu duenez, «Udalaren borondatea elkarlanean aritzea izan da orain arte eta izanen da etorkizunean ere saihesbide honek dituen gabezia guztiak konpondu arte».
EZAUGARRIAK
13.730.687 euro inbertitu ditu Gobernuak 5,8 kilometroko saihesbide hau egiteko eta egunero 3.300 ibilgailu pasako direla aurreikusi du. Bortz biribilgune ditu eta 80 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.
ELIZONDARREK: ZUBIA
Saihesbidea inauguratu baino egun batzuk lehenagotik, 100 herritar elkartu ziren Udalak eta Elizondoko Herriko Etxeak Elizondoko Baztan-Berri auzoan deitutako batzar informatibora. Saihesbidea izan zuten hizpide, baina joan den irailean hartutako erabakia azaldu eta herritarren iradokizunak ere bildu nahi izan zituzten. Alde batetik, 2009an batzar bidez, Baztan-Berri, Erlategi, Braulio Iriarte eta Maurizio eta Felix guneetako trafiko erregulazioa lantzeko komisioa osatu zela oroitarazi zuten. Udal teknikariekin plano batean islatu zen egindako lana eta saihesbidea irekitzerakoan aplikatzea hobetsi zen. Hala, ekainaren 11ko batzarrean erabaki zenez, «ez da gehiago itxaron behar trafiko erregulazioarekin aitzinera segitzeko».
Elizondoko saihesbideaz ere aritu ziren. Herriko Etxeak azken batzarrean aipatutakoei buruz prentsara bidali duen oharrean azaldu duenez, «saihesbidearen arazoari soluzio integrala emateko, hasiera batean Elizondorako sarbide gisa zubi bat aurreikusi bazen ere, saihesbidea zubia ireki gabe inauguratu dute». Gisa berean, adierazi du, 2011ko irailaren 23ko batzarrean, «herriak zubia egiten ez den bitartean, Baztan-Berriko sarbidea ez irekitzeko ebatzi zuela, batez ere segurtasunagatik eta presio neurri bezala». Hortaz, inaugurazio egunean Nafarroako Gobernuko ordezkarien aitzinera agertzeko deia egin zuten, «Elizondoren sarbide-eza agerian jartzeko, zubia lehenbailehen egiteko eskatzeko eta elizondarren kezka Gobernukoei zabaltzeko».
Herriko Etxeak jakinarazi duenez, bertze batzar bat deituko du «irailaren 23an sarbide honen inguruan hartutako erabakia berresteko, edo bertze aukerak aztertu eta behin betiko erabakia hartzeko».