Urtebeteko gobernuaren balorazioa egin du Baztango Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 21a

Garbiñe Elizegi alkatea, Bildu eta Ezkerrako zinegotziekin egindako agerraldian, urtebeteko lanen balorazioa egin du. Juan Mari Ondikol

Kasik 9 milioi euroko zorra traba handia izan arren baztandarren beharrei irtenbidea ematen saiatu dela adierazi du gobernu taldeak

Baztango Udal berria osatu zela urtebete pasatu denean, udal gobernua osatzen dutenek urte honetan egindakoaren balorazioa plazaratu dute ekainaren 21ean egindako prentsaurrean. Balleko Etxean sartu zirenean kasik 9 milioi euroko zorra izatean traba handia izan dela gogoratu ondotik, «egoera zail honetan baztandarren beharrei eta zerbitzuei irtenbidea ematen» ahalegindu direla aipatu dute.

Baztango Udal berria osatu zela urtebete pasatu denean, udal gobernua osatzen dutenek urte honetan egindakoaren balorazioa plazaratu dute ekainaren 21ean egindako prentsaurrean. Balleko Etxean sartu zirenean kasik 9 milioi euroko zorra izatean traba handia izan dela gogoratu ondotik, «egoera zail honetan baztandarren beharrei eta zerbitzuei irtenbidea ematen» ahalegindu direla aipatu dute.

Zor handia zela eta, «udalak ez du prestamorik eskatzen ahal inbertsioak egiteko, baina beti ere Udalaren kudeaketaren ondorioz aurten zorra 600.000 euro inguruan ttipitu da». Gisa berean Nafarroako Gobernuaren egoera ezegonkorrak eta abian dituen etengabeko murrizketek, arazoa gehitu bertzerik ez omen diote egiten lehendik ere egoera zailean zegoen udalari.

Egoera zail honetan, oinarriak finkatzea izan da gobernu taldearen asmoa, «bai udalaren kudeaketaren oinarriak aldatzeko, eta baita orain artio bulkatu izan den garapen eredu agortua aldatzeko ere». Udalaren kudeaketa hobetzeko lehen urratsa gastu arruntak berrantzolatzea eta horri esker baliabide ekonomikoak sortzea izan da, «udaleko zerbitzu sozialak indartu eta sustatu baititugu udal langile berriak kontratatuz». Aholkularitza juridikoa eta hirigintza aholkularitza ere aldatu dira eta euskararen normalizazioan urratsak emanez, «lehenbiziko aldiz, Baztango instituzioek eta baztandarrek idazkari eta arkitekto euskaldunak dituzte».

Gai korapilatsuetan ere Balleko Etxea «momentu guziz beharra zegoen tokian» egon dela aipatu dute, erraterako Almandozko eta Oharrizko harrobien aferean edo Arraioz-Elbeteko saihesbidearen lanetan. Azken honetan, «hutsune anitz zuzendu badira ere, saihesbidea arrontean akitu gabe inauguratu da». Hortaz, jakinarazi nahi dute Baztango udalak bere esku dagoen guztia eginen duela «Nafarroako Gobernuak Elizondoko zubia egiteko hartu zuen konpromisoa betearazteko eta Lekarozko oinezkoen bidea ahal bezain agudo egiteko». Demokrazia parte hartzailea bulkatu asmoz, batzorde irekiak eta Lurralde Okupazioaren Estrategia eta Eredua garatzeko prozesu parte hartzaileak gogorarazi dituzte.

Kirol instalazioen kudeaketarako Giltxaurdi SL enpresa publikoa sortu dutela aipatzearekin batera, Iruritako Sagues etxebizitzendako edo hiltegirako ere kudeaketa berria proposatuko dela jakinarazi dute Baztango udal gobernu taldeko kideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun