Matxuratutako kamioiak gelditzeko guneak egokitu dituzte Belate eta Almandozko tunelen sarreretan

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 14a

www.navarra.es

Almandoz eta Belateko tunelen segurtasuna hobetzeko asmoz, tunelen aho ingu­ruetan matxuratutako kamioiendako hiru geldigune egokitu ditu Nafarroako Gobernuak eta horretaz gain, seinalizazioa hobetu eta zainketarako bi bideo kamera berri paratu ditu. Sustapen eta Etxebizitza Departamentuak egin ditu lanak eta horretarako 268.020 euroko inbertsioa egin du, matxuratutako ibilgailuek, kamioiei batez ere, tunel barrenean eragiten dituzten intzidenteak kontuan­ hartuta. Belateko tunelaren alde banatan eta Almandozko tunelean Iruñerako sarbidean egin dira geldiguneak. Almandozko tuneleko Irunerako sarbidean, berriz, Mendiola auzorako sarbideko zabalgunea aprobetxatu da. Mariezkurrena erainkuntza enpresak egin ditu aparkalekuak, Señalizaciones Lacroix enpresak seinalizazioak eta SICe enpresak jarri ditu bideo kamerak. Neurri hauekin, gidariei bere ibilgailuan arazoren bat dutela dakitenean, gelditzeko leku egoki bat eskaini nahi zaie, arazoa bertan moldatu ahal izateko edo laguntza eskatze­ko. Arazo mekanikoak dituzten ibilgailuek debekatua izanen dute tuneletara sar­tzea eta seinalizazioa errespetatzen ez dutenei isunak jarriko dizkiete. Alde honetatik, Anai Astiz Sustapen eta Etxebizitza kontseilariak aipatu duenez, «ibilgai­luak matxura duela susmatuz gero, garrantzitsua da tuneletara sarrera debeka­tzen duen seinalizazioa errespetatzea», baita tunelean ez sartzea semaforoak gorrian eta hesiak jautsiak daudenean ere. Abisu honek begibistakoa badirudi ere, maiatzaren 20an, tunel barrenean matxuratutako kamioi bat zegoenean, hesia jautsi eta semaforoa gorrian egon arren, bi kamioi tunelera sartu ziren. Foru Poliziak isunak paratu dizkie bi gidariei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun