Ernesto Prati apirilaren 14an Elizondon egin zitzaion ongi-etorriagatik lau baztandar salatu dituela jakinarazi du Ezker Abertzaleak, eta ortziral hartan presoen alde egin zen elkarretaratzeagatik bertze sei. Salaketaren ondorioz, bakoitzak 300 eta 6.000 euro arteko izan daitekeen isuna izanen omen dute. «Alta, oraingo salaketei azkeneko urteetan estatuak abiaturiko apustu errepresiboaren ondorioz, Baztanen pilatu diren isunak gehitu behar zaizkio, 20.000 euro inguru», dio Ezker Abertaleak. Gaineratu duenez, «nabaria da arazo politiko, sozial eta ekonomikoak direla eta, jendea gero eta gehiago mugitzen ari dela. Horren aitzinean, Gobernuaren aldetik Euskal Herrian garatu duen salbuespen legedia arlo eta eremu desberdinetarat hedatzeko borondatea agerian gelditu da. Herritarren arteko elkartasuna, konpromisoak eta antolakuntzak bertzerik ez du ekinbide errepresibo berritua geldituko».