N-121-B errepidean, Arraioz eta Elbete arteko saihesbidearen lanak gainbegiratzen dituen batzordeak azken bilera izan zuen maiatzaren 30ean eta lanak hurbiletik ikusi zituzten. Zenbait hutsune somatzen dituztela adierazi zuten, eta Elizondorako sarbidean oraindik ez dela Baztanberriko zubia eraiki, baina halere, laster irekitzekoa da saihesbidea.
Hain zuzen, oraindik egin gabe dagoen Baztanberri zubi hori eta Lekarozko oinezkoen pasabidea dira udal eta herrietako hautetsien kezka nagusiak. Garbiñe Elizegi alkateak aipatu zuenez, «proiektuak egiterako orduan, ez dira kontuan hartzen erabiltzaileen premiak. Hainbertze diru publiko erabili baldin bada ere, bi afera garrantzitsu gelditu dira moldatu gabe, Baztanberriko zubia eta oinezkoendako pasabidea Lekarozen».
Xabi Torres Elizondoko alkatearen hitzetan, «Baztanberriko zubirik gabe, saihesbidetik Elizondorako sarrerarik gabe gelditu gara. Zubia premiazkoa da, bertzenaz, saihesbideak ez digu balio». Izan ere, hori moldatzen ez bada, elizondarrek Elbeteko irteera bitarte joan beharko dute eta handik herrira sartu. Gainera, aunitz erabiltzen den Piezen Bidea ere baliogabetua gelditu dela salatu zuen, «saihesbide azpitik pasabideren bat egin beharko dela», erranez.
Jesus Angel Garcia Lekarozko alkateak ere saihesbideak herrian izan duen eragina azaldu zuen: «lur desjabetzeez gain, hilerria, industrialde berria, igerilekua edo hizkuntz-murgiltzerako zentro berria bezalako zerbitzuak saihesbidearen bertze aldean gelditu zaizkigu eta horregatik eskatzen dugu oinezkoendako pasabidea. Oraingoz, behin behineko zebrabidea paratuko omen dute».
Hauekin batera, Xotero Etxandi Arraiozko alkateak, Pedro Goienetxe Elbeteko alkateak eta udal zinegotziek osatu dute batzordea. Maiatzaren 30ean lanei egindako bisitan Mikel Ortega (Bildu), Florentino Goñi eta Iñigo Iturralde (Ezkerra) eta Mari Jose Garmendia (UPN) ere izan ziren. Florentino Goñi herrilan zinegotziak aipatu zuenez, «Nafarroako Gobernuko inor ez da etorri lanak zertan diren ikusi eta gure iritzia aditzera». Anai Astiz kontseilariari ere bilera eskatu omen zioten berak eta alkateak «duela hiru bat hilabete eta oraindik ez digu erantzun».