Osasun publikoaren inguruan hartzen ari diren neurrien inguruan informazioa bildu eta trukatearen asmoarekin eztabadaidarako bilkura bat egitea proposatu dute herritar, hautetsi, osasun arloko profesional, gizarte eragile eta interesa duen jende guziarendako. Ekainaren 15ean, ortziral arratsaldeko 18:30ean izanen dute hitzordua Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eta hizlari ariko dira Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentaria eta Asun Fernandez Aralarko parlamentaria NaBain.
Deialdirako oharrean aipatzen denez, «garai zaila bizitzen ari gara, baita sektore publikoan ere. Krisiaren aitzakiapean jendartearen ongizatearen ardatz nagusien kalitatean eragin zuzena duten neurriak hartzen ari dira, tartean osasungintza publikoaren alorrean. Asistentzia-ereduaren aldaketa globala paratu dute mahai gainean eta parlamentuko eremutik aukera izan dute proposamen honi buruz hainbat sindikaturen, eragile profesionalen eta Kontseilariaren beraren azalpenak eta balorazioak biltzeko. Irizpide ekonomizistetan oinarrituriko proiektua dela ikusten dute, erabiltzaileei ematen zaien arretaren kalitatea txartzen ahal duena».