Mediterraneo eta Kantauri itsasoak lotzen dituen Transpyr-Travesía Dos Mares 2012 mendi txirrindularitza proba gogorra uztailaren 6an helduko da Elizondora. Pirinioak gurutzatzen ditu BTT proba honek, Kataluniako Roses-en hasi eta Donostira bitartean eta nazioarteko aldizkari entzutetsuenen arabera, munduko probarik gogorrenetakoa izanen da.
15 herrialdetako 220 abenturazalek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Baztango bi ordezkari ere izanen ditu proba honek, Club Ciclista Baztandarraren izenean ariko diren Juan Miguel Eraso eta Agustin Ariztia.
Aipatu bezala, uztailaren 6an, Sanfermin bezperan ailegatuko da Baztanera eta kazetari eta agintariek Elizondoko Merkatu Plazan harrera eginen diete nazioarteko txirrindulariei. Biharamonean, toki beretik eginen da Elizondo eta Donostia arteko azkeneko etaparen irteera, goizeko 08:00etan.