Soldaten inguruan "Diario de Noticias" egunkariak argitaratutakoa salatu du Baztango udal gobernuko taldeak

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 7a

Aitzineko udalean baino soldata apalagoak direla eta karguen ardura eta dedikazioaren azpitik daudela dio idatzi batean

Diario de Noticias egunkariak Baztango udal gobernuko kideen soldaten inguruan argitaratutako berri “maltzurrari” buruz, Baztango udal gobernuko taldeak zenbait gogoeta egin nahi izan ditu, prentsa-ohar baten bidez.

Diario de Noticias egunkariak Baztango udal gobernuko kideen soldaten inguruan argitaratutako berri “maltzurrari” buruz, Baztango udal gobernuko taldeak zenbait gogoeta egin nahi izan ditu, prentsa-ohar baten bidez.

Bildu eta Baztango Ezkerrako zinegotzien ustez, «Nafarpress delakoak berria amorrudun eta azpikeriadun lerroburuarekin hasten du, Baztango udal kontuei buruz daraman ildo editorial tendentziosoa mailarik gorenerat eramanez eta, aldi berean, onargarriaren muga guztiak gaindituz. Nafarpressen gibelean gorderik idazten duenaren pozoina ez da gehiago jasaten ahal». Izan ere, idatziak dioenez, «UPNk ez du udaleko hautetsi publikoen soldatei eta dietei buruz deus berririk agertu – desvelar erdarazko notizian-; gaurgero denen ezagutzakoa den moduan, udalbatzar berriko kideen soldatak, aitzinekoenak baina apalagoak dira; orain udalak, kargu politikoen soldatetan 41.000 euro aurrezten ditu».

Soldatak, ikusi daitekeenez, lan orduen, dedikazioaren eta kargu horien arduren azpitik daudela dio udal gobernu taldeak. «Bere garaian jakinarazitako moduan –dio idatziak–, eta kurioski, aipatu berriaren bukaeran agertzen den gisan, Garbiñe Elizegiren soldata garbia hilabeteko 1.304,11 euroko, 14 ordainekoa da eta %80an liberaturik dago. Mikel Ortega %100ean liberaturik dago eta bere soldata garbia 1.511,50ekoa da eta, Jon Elizetxerena berriz, 749,20 eurokoa; bere dedikazioa berriz, lanaldi erdikoa». Garbiñe Elizegi alkatearen eta Mikel Ortega alkateordearen kasuan, «astero 45 ordu baina aise gehiago ematen dituzte lanean eta, Jonen kasuan, bere liberazioari dagozkion 25 orduak ere gainditzen ditu. Egunero goizeko 8etarako beren lantokietan egoten dira», dio idatziak.

Gainerakoan dietak eta kilometraiak behar bezala justifikaturik daudela diote Bildu eta Baztango Ezkerrako hautetsiek eta «oraingo udal gobernuko kideen lan egiteko modu serio eta zintzoa ezagutzen duen edonork badaki zenbat joan-etorri egin behar izaten dituzten beren eginbeharren barnean». Kilometraiak etxetik udaletxerako eta jarduneko bertze desplazamenduak barnean hartzen ditu eta, aurtengo aurrekontua 2011koa baino 2.000 euro guttiagokoa da.

Bertzalde, udal batzorde desberdinetan baztandarrek horien berri jakiteko kamarak paratzea ongi legokeela uste du udal gobernu taldeak, «zeren UPNek batzorde horietarat gainerako ordezkariak baino gehiago joaten dela diolarik, baztandarrek ikusiko lukete horietan egotea eta gauzak egitea ez dela gauza bera; eta hori da UPNekoen kasua; gehinetan, batzorde horietan egon bai, baino ez dute deus egiten».

Bildu eta Ezkerrako hautetsiek diotenez, «zenbakiak argiak dira eta lan politiko eta publikoaren ordain estu bati erantzuten diote». Hala, kazetariak berrian erabili duen «modu zikin eta maltzurrak eta horrekin sortu nahi zuen alarma faltsuak ez du deus ikustekorik udal gobernuko kideen lan egiteko era garbiarekin eta erabateko dedikazioarekin», adierazi dute idatzian.

Bukatzeko jakinarazi nahi diote «bai UPN-ri eta bai bere diskurtsoaren bozgorailu izan nahi duen guztiari prest gaudela eztabaida publiko baterako nahi duten leku eta orduan, lan politikoa egiteagatik kobratu dena eta kobratzen denaren inguruan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun