Ernesto Prati apirilaren 14an, larunbatean, Elizondoko plazan eskaini zitzaion ongi-etorriagatik 4 baztandar salatu ditu guardia zibilak eta, ortziral horretan presoen alde egin zen elkarretaratzearengatik bertze sei. Denera 10 herritar. Salaketaren ondorioz, bakoitzak 300 eta 6000 euro artekoa izan daitekeen isuna izanen du.
«Alta, oraingo salaketei azkeneko urteetan Estatuak abiaturiko apostu errepresiboaren ondorioz Baztanen pilatu diren isunak gehitu behar zaizkio, 20.000 euro inguru», Baztango Ezker Abertzaletik salatu dutenez.
«Euskal Herrian Ezker Abertzalearen ekimenez aldi politiko berria ireki bada ere, errepresioak bere horretan jarraitzen duela» ere salatu nahi izan du Baztango Ezker Abertzaleak, «atxiloketak, epaiketa politikoak eta sententzia bidegabeak begibistakoak dira eta denak horren jakitun gara; baina horren ondoan errepresio ixilagoak ere jarraitzen du: salaketa eta isunena hain zuzen. Salaketa eta isunekin jendea izutu eta desaktibatu nahi dute, egoera ekonomiko jasan ezinetara eraman eta etsiarazi, desmobilizatu». Horrela, ixilpeko errepresio horren salaketa publikoa egitea behar-beharrezkoa dela uste du Ezker Abertzaleak eta modu berean, «errepresioa jokatzeko herritarren elkartasun aktiboa bulkatu behar da, kasu honetan elkartasun ekonomikoa». Hala, elkartasun ekonomikoari buruz instantean ekimena abiaraziko dute eta herritarrek bertan parte hartzeko aukera izanen dute.
Akitzeko, Baztango Ezker Abertzalearen erranetan, «nabaria da arazo politiko, sozial eta ekonomikoak direla eta jendea gero eta gehiago mugitzen ari dela. Horren aitzinean Gobernuaren aldetik Euskal Herrian garatu duen salbuespen legeria arlo eta eremu desberdinetarat hedatzeko borondatea agerian gelditu da. Herritarren arteko elkartasunak, konpromisoak eta antolakuntzak bertzerik ez du ekinbide errepresibo berritua geldituko».