Artea karrikara aterako dute Baztango artistek ekainaren 17an

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 30a

Inguruko margolariak Elizondoko karriketan elkartuko dira goiz-arratsaldez

Artea karrikara ateratzeko asmoz, egun berezia antolatu dute Baztango artista profesional eta afizionatuek Urtxintxa aisialdiko heziketaren eskolarekin elkarlanean.

Ekainaren 17an, 11:00etatik 20:00etara Baztan eta inguruetako margolari boluntarioak Elizondoko karriketan elkartuko dira, beraien asto (caballete), mihise, margo eta bata soinean­. Egin dituzten margolan batzuk erakutsiko dituzte eta egun berean ere margotzen ariko dira. Elizondoko Pedro Axular edo Braulio Iriar­te karriketan egonen dira artistak, eta eguraldi txarrarekin Jaime Urru­tiako estalpeetan.

Ekimena haur, gazte, heldu edo adinekoei zuzendua dago. Haurrek begiraleekin parte hartu beharko dute eta gainerakoek artistekin zuzenean egoteko aukera izanen dute.

Norbait interesatua egonez gero, ananda65@hotmail.com-era idatzi edo 696 282890 ala 948 581481era dei dezake. Parte hartu nahi duenak aitzinetik abisatzea nahi dute antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun