Nafarroako Gobernuak hezkuntza publikoan iragarri dituen murrizketen aitzinean, protestak egiten ari dira Baztango ikastetxeetan. Elizondoko eskolan, adibidez, asteak daramatzate egunero hamar minutuko protestak egiten. Gainera, maiatzaren 25ean bi orduz klaseak Elizondoko plazan ematekoak zituzten protesta moduan.
Herrietako eskola ttikietan ere kexu dira murrizketekin eta greba deialdiekin bat egin dute. Maiatzaren 22an, adibidez, Iruñeko manifestazioan izan ziren.
Lekaroz eta Elizondoko institutuetan ere protestak egiten ari dira. Lekarozen irakasleek itxialdia egin zuten maiatzaren 24ko gauean. Elizondoko Lanbide Eskolatik jakinarazi dutenez, berriz, 24 irakasleko plantillatik lau irakasle galduko dituzte. Gisa berean, salatu dutenez, funtzionamendu gastuetarako %31,5eko murrizketa izan dute aurten, eta garbiketa gastuetara bideratutako dirua %20 murriztu da, berogailuaren gasolioaren prezioa %30 eta hornikuntza gastu orokorrak (argia, telefonoa...) igo diren bitartean. Hezkuntzatik hartu beharreko dirua bizpahiru hilabetez gibeleratu denez, aurtengo neguan hotza pasatu dutela diote eta beldur dira hurrengoan gehiago pasatuko ote duten. Eskola guztian ez dela eguneroko garbiketarik eginen ere jakinarazi dute. Obra eta ekipamenduko gastuak Hezkuntza Sailak ez omen ditu bere gain hartzen, eta hortaz, eskolak ikastaroak emanez lortzen duen diruarekin ordaintzen dituela ere erran dute eskolatik. Bertze langileak (atezainak, administraria) ez dituztela ordezkatzen ere kritikatu dute eta irakasleek 15 egun baino lehen ez dutela ordezkorik izanen ere bai. Guztiak kalitatean eragiten duela gaineratu dute.