Batzorde informatiboen inguruan Auzitegiak agindutakoa beteko duela erran du Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 30a

UPNren bi eskaeratik bakarra onartu du

Nafarroako Adminis­trazio Auzitegiak, Udalak 2011ko urriaren 27an Batzorde Informatibo Iraunkorren berrantolaketen harira, Osoko Bilkuran hartutako akordioaren aurka UPNk sartutako gorako errekur­tsoaren aitzinean epaia eman du. UPNk bi eskae­ra egiten zituen eta bat ukatu eta bertzea onartu du Auzi­tegiak. Ados ez egon arren, hurrengo osoko bil­­kuran senten­tzia onartu eta auzitegiak agin­du­ta­koa beteko duela jakinarazi du Udal Gobernuak.

Biztanleen kopurua dela eta, Udala legez behartuta dago Tokiko Gobernu Batzordea (astero­ egiten da), Ogasun Ba­tzordea (hamabostero egiten da) eta Batzorde Informatibo Iraunkorrak (Osoko Bilkura bakoi­tzaren aitzinetik egiten da) eratzera. Hasieratik talde politiko guztiak gonbidatu dira guztietan parte hartzera, baina UPNk uko egin zion Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzeari.

Agintaldi hasieran Ba­tzorde Informatibo desberdinak zeuden, gai bakoitzeko bat, aitzi­neko agintaldiko eskema segi­tu zelakoz. Bilera bakoi­tzeko ordainsaria 100 eurokoa izatea erabaki zen, bakoitzak jasotzen ahalko zuen maximoa 600 euro izanik. Praktikan, ba­tzorde informatibo hauek, batzutan 5 eta 10 minutu iraun arren, aldiro kopuru berdina ordain­du behar zitzaien zinegotziei. Hau dela eta, urria­ren 27an hartutako erabakian, Udal Gobernuak Ogasun Batzordea eta Tokiko Gobernu B­a­tzordeak ga­rrantzi haundiagokoak zirela eta denbora gehiago eskatzen zu­tela eta, hauek baka­rrik ordaintzea erabaki zu­ten. Aldi berean, Ba­tzorde Informatibo Orokor bakarra egitea eraba­ki zen gai guztiak aldi berean tratatzeko, Euskara izan ezik, Ordenan­tzak Batzorde berezi bat edukitzea eskatzen duelakoz.

UPNk akordio honen aitzinean gorako helegitea jarri zuen eta helegite honetan bi eskaera egin zituen. Batetik, Ba­tzorde Informatibo Iraunkor Orokor bat egin beharrean gai bakoitzeko bat egitea, horrela gai bakoitzeko ordainsaria kobratuko lukete. Ber­tze aldetik, Batzorde guz­tiak berdin ordain­tzea eskatu zuen, diskriminazioa leporatuz.

Nafarroako Adminis­trazio Auzitegiaren sententziak ukatu egin du lehenbiziko eskaera eta bigarrena onartu du. Alde batetik, Udalari arra­zoia eman dio erranez posible dela Batzorde Orokor bat egitea eta gai guztiak bilera berean tratatzea. Bigarren eskaeran auzitegiak onartu du garran­tziaren arabera aukera da­goela batzorde ba­tzuk­ ordaintzeko eta ber­tzeak ez, baina beren ustez, guztiek garran­tzi berdina dutela. Beraz, denak berdin ordaindu beharko dira. Gisa berean, sententziak argi utzi du erabaki honek ez duela suposatzen alderdi politikoen arteko diskriminaziorik.

Udal Gobernuak jakinarazi duenez, «nahiz eta ados ez egon Auzite­giak batzordeen garran­tziaren inguruan egindako interpretazioarekin», hurrengo osoko bilkuran sententzia onartu eta auzitegiak agindutakoa beteko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun