N-121-A errepidean Almandoz eta Belateko tunelen segurtasuna hobetzeko asmoz, tunelen aho inguruetan matxuratutako kamioiendako hiru geldigune egokitu ditu Nafarroako Gobernuak eta horretaz gain, seinalizazioa hobetu eta zainketarako bi bideo kamera berri paratu dira.
Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza Departamentuak egin ditu lanak eta horretarako 268.020 euroko inbertsioa egin du, matxuratutako ibilgailuek, kamioiei batez ere, tunel barrenean eragiten dituzten intzidenteak kontuan hartuta. Belateko tunelaren alde banatan eta Almandozko tunelean Iruñerako sarbidean egin dira geldiguneak. Almandozko tuneleko Irunerako sarbidean, berriz, Mendiola auzorako sarbideko zabalgunea aprobetxatu da.
Mariezkurrena erainkuntza enpresak egin ditu aparkalekuak, Señalizaciones Lacroix enpresak seinalizazioak eta SICe enpresak jarri ditu bideo kamerak.
Neurri hauekin, gidariek bere ibilgailuan arazoren bat dutela dakitenean, gelditzeko leku egoki bat izatea nahi da, arazoa bertan moldatu ahal izateko edo laguntza eskatzeko. Arazo mekanikoak dituzten ibilgailuek debekatua izanen dute tuneletarako sarbidea eta trafiko agintariek seinalizazioa errespetatzen ez dutenei isunak jartzeko ahalmena izanen dute. Alde honetatik, Anai Astiz Sustapen eta Etxebizitza kontseilariak aipatu duenez, «ibilgailuak matxura duela susmatuz gero oso garrantzitsua da tuneletara sarrera debekatzen duen seinalizazioa errespetatzea», baita tunelean ez sartzea semaforoak gorrian eta hesiak jautsiak daudenean. Abixu honek begibistakoa badirudi ere, maiatzaren 20an, tunel barrenean matxuratutako kamioi bat zegoenean, hesia jautsi eta semaforoa gorrian egon arren, bi kamioi tunelera sartu ziren, horrek dakarren arriskuarekin. Foruzainak isunak jarri dizkie bi gidariei.