Gaztetxoek astebete beranduago eginen duten moduan, Nafarroako Bertso Eskoletan ari diren helduek ere beren eguna ospatu dute larunbat honetan, ekainak 2, Bota Eguna. Hirugarren aldiz ospatuko da Nafarroako helduen bertso eskolen eguna; lehena Iruñean egin zen orain dela bi urte eta bigarrena, Lekunberrin. Elizondon eginen da aurtengo edizioa eta Baztango Bertso Eskola arduratu zen antolaketaz.
Bezperatik hasiko dira Bota eguneko ekitaldiak. Ekainaren lehenean iluntzeko zortzietan Arizkunenea kultur etxean, Karlos Aizpuruak hitzaldia eskainiko du. Bertsogintzan aritzeko zenbait gako: etxean lantzekoak du izenburu mintzaldiak.
Larunbatean, berriz, goizeko hamabietan “Komunetik komunerat” bertso jarduera abiatuko da herriko plazatik. Horren ondotik, bertso bazkaria eginen dute Kortarixar jatetxean. Bazkalondoan, bertso eskoletako kideek egun horretarako prestatu dituzten emanaldiekin gozatu ahal izanen da. Hirugarren Bota Eguna merendutxo batekin akituko da.
Egun horretan bertze bertso eskola batek hartuko du Baztangoen lekukoa eta hura arduratuko da hurrengo urtean laugarren Bota Eguna antolatzeaz. Bukatzen ari den ikasturte honetan 112 ikasle aritu dira Nafarroako bertso eskolen helduen taldeetan. Gaur egun helduentzako hamalau talde dira Lesaka, Bera, Larraun, Baztan, Leitza, Iruñea, Malerreka eta Lizarran.