Nafarroako Administrazio Auzitegiak, Baztango Udalak 2011ko urriaren 27an Batzorde Informatibo Iraunkorren berrantolaketen harira Osoko Bilkuran hartutako akordioaren aurka UPNk sartutako gorako errekurtsoaren aurrean epaia eman du. UPNk bi eskaera egiten zituen eta horietako bat ukatu eta bertzea onartu du Auzitegiak. Ados ez egon arren, hurrengo osoko bilkuran sententzia onartu eta auzitegiak agindutakoa beteko duela jakinarazi du Baztango Udal Gobernuak.
Baztango Udala, biztanleen kopurua dela eta, legez behartuta dago Tokiko Gobernu Batzordea (astero egiten da), Ogasun Batzordea (hamabostero egiten da) eta Batzorde Informatibo Iraunkorrak (Osoko Bilkura bakoitzaren aitzinetik egiten da) eratzea. Hasieratik talde politiko guztiak gonbidatu dira hauek guztietan parte hartzera, baina UPN-k uko egin zion Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzeari.
Legealdiaren hasieran Batzorde Informatibo desberdinak zeuden, gai bakoitzako bat, aitzineko legealdiaren eskema segitu zelakoz. Bilera bakoitzeko ordainsaria 100 eurokoa izatea erabaki zen, bakoitzak jasotzen ahalko zuen maximoa 600 euro izanik. Praktikan, batzorde informatibo hauek, batzutan 5 eta 10 minutu irauten zuten arren, aldiro kopuru berdina ordaindu behar zitzaien zinegotziei. Hau dela eta, urriaren 27an hartutako erabakian, Udal Gobernutik ikusten zutenez Ogasun Batzordea eta Tokiko Gobernu Batzordeak garrantzi haundiagokoak zirela eta denbora gehiago eskatzen zutela, hauek bakarrik ordaintzea erabaki zuten. Aldi berean, Batzorde Informatibo Orokor bakarra egitea erabaki zen gai guztiak aldi berean tratatzeko, Euskara ezik, Ordenantzak Batzorde berezi bat edukitzea eskatzen duelakoz.
UPN-k akordio honen aitzinean gorako helegitea jarri zuen eta helegite honetan bi eskaera egiten ziren. Alde batetik, Batzorde Informatibo Iraunkor Orokor bat egin beharrean gai bakoitzeko bat egitea, horrela gai bakoitzeko ordainsaria kobratuko lukete. Bertze aldetik UPN-k eskatzen zuen Batzorde guztiak berdin ordaintzea, diskriminazioa leporatuz.
Nafarroako Administrazio Auzitegiaren sententziak ukatzen du lehenbiziko eskaera eta bigarrena onartzen du. Alde batetik, Udalari arrazoia ematen dio erranez posible dela Batzorde Orokor bat egitea eta gai guztiak bilera berean tratatzea. Bigarren eskaeran auzitegiak onartzen du garrantziaren arabera aukera dagoela batzorde batzuk ordaintzea eta bertzeak ez, baina beren ustez guztiak garrantzi berdina dute, beraz denak berdin ordaindu beharko dira. Modu berean, sententziak argi uzten du baita ere erabaki honek ez duela suposatzen partidu politikoen arteko diskriminaziorik.
Baztango Udal Gobernuak jakinarazi duenez, «nahiz eta ados ez egon Auzitegiak batzordeen garrantziaren inguruan egindako interpretazioarekin», hurrengo osoko bilkuran sententzia onartu eta auzitegiak agindutakoa beteko du.