NaBai 2011 Baztango NaBairen babes taldeak Udal Gobernu Taldea osatzen duten Bildu eta Ezkerraren kudeaketa «kaxkarra» salatu du eta Nafarroako Gobernuak onartu eta diruz lagundutako proiektuen inbertsioak galdu dituela jakinarazi du.
Beraien hitzetan, «Nafarroako Toki Azpiegitura planean onartuak zeuden eta dirulaguntzak hitzartuak zituzten bi proiekturi uko egin diote Bildu eta Ezkerrak: Zigako hilerriaren handitze lanak eta Almandozko zeharbidearen hobekuntza». Lan hauek egiteko Gobernuak eta lehengo legealdiko Udalak ofizialki hitzarmena sinatua zutela eta dirulaguntza bazuela aipatu du NaBaik. Zehazki, lanen aurrekontua 916.765 eurokoa zen, Gobernuak, 714.790 euro hitzemanak zituen.
NaBai 2011k dioenez, proiektuak «ez dira Bildu eta Ezkerraren gustuko» eta zergatik galdetu du: «NaBairen lehengo Udal Gobernu Taldeak kudeatu eta konprometitu zituelako edo herri horietako alkateak ez direlako beraien sokakoak?».
Gobernu Taldeak «inbertsioak logika bati segituz berrantolatu» direla jakinarazi zuen bere garaian eta NaBai 2011k dio «berrantolaketa horri esker Baztan deus gabe gelditu dela, bi proiektu horiendako dirulaguntza galdu baitu. Gobernua arras kontent egonen da erabaki honekin konprometituak eta sinatuak zituen milioi eta erdi euro baino gehiago aurreztuko dituelako, Bildu eta Ezkerraren disparateari esker».
Oharrean erran duenez, «lehengo legealdian Bilduk eta babesa ematen dioten herrietako alkateek gogor eraso zuten NaBairen Udal Taldea, Gobernuak Udalaren proiektu batzuk ez zituenean onartzen. Orduan, gaur egun zinegotzi direnetako batzuk ezinezkoak ziren gauzak eskatzen zituzten, eta Udalaren arazoa zela zioten». Talde honen ustez, «protesta egitea eta bertzeen lana zangotrabatzea erraza da, baina gobernatzea zaila da» eta hortaz, Zigako hilerriaren eta Almandozko zeharbidearen aferean «solas gutiago eta zerbait egitea» eskatu du.