Baztango Herrira mugimenduak ere Euskal Herri mailan antolatua den ekimenarekin bat egin du: larunbat honetan, maiatzak 19, preso eta iheslarien egoera konpontzeko eskatuz Euskal Herriko plazak bete nahi dira Goazen Plazara lelopean. Presoen giza eskubideak errespetatzea eskatzen dute: «euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko, zigorra betea dutenak askatzeko eta bizi osorako zigorra ere bertan behera uzteko, zigorren biherena eta hirulaurdenak bete dituztenak ere kaleratzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eta frantziar eta espainiar estatuek darabilten espetxe-politika egokitzeko» eskatzen dute.
Baztanen kasuan, «Joxe Miel Gaztelu Elizondoko preso politikoa lehenbailehen Euskal Herriratzeko eta Iñaki Erro elizondarra Almerian gaixo dagoen eta kondena betea duen preso politikoa de facto askatzeko» exijitu du Baztango Herrirak. Aldarrikapen hauek larunbatean Elizondoko plazan eginen dira 11:30etatik aitzinera eta hauekin bat egiteko gonbidapena luzatu diete herritar guztiei.