Bertsolaritzaz gozatzeko, Bertso Astea antolatu dute Baztango Bertso Eskolako lagunek. Horren barne, hiru ekitaldi prestatu dituzte: bi hitzaldi, maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean, eta astea borobilduko duen besta egun bat, Nafarroako Bertso Eskolen Eguna edo Bota Eguna ekainaren 2an.
Maiatzaren 25ean, Arkaitz Goikoetxearekin solasaldia izanen da Arizkunenean, 20:00etan. Bertso-eskola eredu baten erakustaldia izanen du hizpide. Ekainaren 1ean, toki eta ordu berean, Karlos Aizpuruak eskainiko du solasaldia: Bertsogintzan aritzeko zenbait gako: etxean lantzekoak.
Azkenik, Nafarroako bertso eskolak elkartuko dituen eguna ekainaren 2a izanen da. 12:00etan triki-bertso poteoa eginen da Komunetik komunerat lelopean. Elizondoko plazatik abiatuko dira. Eta 14:30ean bazkaria eginen da Kortarixarren. Ondotik bertso eskolek prestatutakoak entzungai eta ikusgai izanen dira. Bazkarian edozeinek parte har dezake eta aski da xabimaia@gmail.com helbidera idaztea edo 620 023799ra deitzea. 18 euro kostako da bazkaria eta lo egiteko lekuarekin 30 euro.