Euskara eta aisialdia uztartuz, aurten ere udako jostaldia antolatu du Udaleko Euskara Zerbitzuak 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoendako. Uztailean eta abuztuan lau txanda eskainiko dira, 10:00etatik 13:00etara.
Uztailaren 2tik 13ra Oronozen eskainiko da udako jostaldia, uztailaren 16tik 27ra Erratzun, uztailaren 30etik abuztuaren 10era Elizondon eta abuztuaren 13tik 24ra Berroetan. Aste bakarra ere egin daiteke, baina lehentasuna bi aste aukeratzen dutenek eta Baztanen erroldatutakoek izanen dute.
Helburuak ere argiak dira. Alde batetik, neska-mutikoek euskaraz jolastea nahi dute antolatzaileek, eta haurren arteko harremanak euskaraz bultzatu. Gisa berean, haurrek Baztango kultura eta natura euskaraz ezagutzea nahi dute eta ingurugiroarekiko jarrera positiboak ere sustatu nahi dira. Eta hori guztia, joko, eskulan, tailer, txango eta kirolaren bitartez eginen dute.
Izen-ematea
Maiatzaren 21etik ekainaren 4ra eman beharko da izena, 10:00etatik 13:30era, 948 277620ra deituta. Txanda bakoitzeko prezioa 60 eurokoa da, baina familia ugaria baldin bada edo txandan anai-arreba bat baino gehiago baldin badira, 50 euro. Aste bakarra aukeratzekotan, 30 euro kostako da.