Legealdia akitu bitartean Baztango zinegotzi lanean segituko duela jakinarazi du NABai 2011ko Maite Iturrek

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 16a

Asun Fernandez de Garaialde parlamentariak babesa eman zion Maite Iturreri maiatzaren 15eko agerraldian. Juan Mari Ondikol

Baztango Nafarroa Bai 2011babes taldekoei aurpegia emateko eskatu die

Aitzineko prentsa ohar batean jakinarazi zuen bezalaxe, Pello Iriartek dimititu eta gero zinegotzi kargua «erantzunkizun eta koherentzia politiko printzipioetan oinarrituta» hartu duela jakinarazi du Maite Iturre, Baztango Nafarroa Bai 2011ko zinegotziak, maiatzaren 15ean eskainitako prentsaurrekoan.

Aitzineko prentsa ohar batean jakinarazi zuen bezalaxe, Pello Iriartek dimititu eta gero zinegotzi kargua «erantzunkizun eta koherentzia politiko printzipioetan oinarrituta» hartu duela jakinarazi du Maite Iturre, Baztango Nafarroa Bai 2011ko zinegotziak, maiatzaren 15ean eskainitako prentsaurrekoan.

Maite Iturre, NaBaiko parlamentaria den Asun Fernandez de Garaialderen babesa izan du agerraldian. Tokiko Gobernu Batzordearen parte hartzeari buruz, «Udal talde guztiek parte har dezakete organo honetan; ondorioz, egiten ez duenak horretan lanik ez egitea erabaki duelako da, bertzerik gabe», adierazi du Iturrek.

NaBai 2011ko zinegotziak aipatu duenez, «udal bizitzaren garapena, hobetzeko etengabeko saiakeran oinarritu behar izanen litzateke, iraganeko akatsak onartuz eta konpontzen saiatuz». Asmo horrekin hartu omen zuen zinegotzi kargua eta kargu horri eutsiko dio legegintzaldiaren amaierara arte, «edonorren gogoz kontra bada ere».

Bertze alde batetik, «gure bailararako turismo eta merkataritza sektoreak duen garrantzia aintzat hartuz, eta alor honetan lan egiteko aukera ikusirik» zinegotzigo hori hartzea erabaki zuen Iturrek, horren ondorioz Bilduk eta Baztango Ezkerrak sinatutako gobernu akordioan sartu behar izan gabe. NaBaiko zinegotziaren ustez, «zinegotzi batek gobernuaren parte izan gabe zinegotzigo bat hartzea ez da inolaz ere salbuespeneko afera Nafarroan: UPN, Nafarroa Bai eta Bilduko gobernuekin gertatu izan da». Erabaki honen ondorioz duen helburua «bailararen alde lan egitea da, asko egiteke dagoen sektore batean, botere lehi eta ika-mika pertsonaletan sartu gabe».

Apirilaren bukaeran autoizendatutako Baztango Nafarroa Bai 2011ko elkarteak komunikabideei prentsa oharra igorri zien Maite Iturreren zinegotzi lanetik desmarkatuz. Orduan, idazkiaren egileei deia luzatu zien aurpegia eman zezaten, NaBai 2011ko laburduraren atzean ezkutatu gabe. «Ongi dakizuen bezala, ez dute hori egin, eta areago, modu berean jarduten jarraitzen dute» dio Iturrek. Hortaz, «anonimotasunaz baliatzen direnei, NaBai 2011ko ordezkaritza usurpatu nahi dutenei ere deia luzatzen diegu lankidetzan aritzeko eta Baztan hobetzeko konponbideak ekartzeko, Baztanek ezkerrerat begiratu eta ibilli behar duelako eta akordioak errespetatuak izateko egiten direlako».

Agerraldia akitzeko, Maite Iturrek halaxe erran zuen: «Lan egiteko gogoa duenak gure lankidetza izanen du, traba egin nahi duenak, aurrean aurkituko gaitu, hemen inporta dena Baztan delako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun