Nafarroako Euskararen Mediatekaren funtsa Xaloa kultur-elkartearen artxiboko 80 orduko ikus-entzunezko grabazioen bidez osatu dute. Materiala euskaraz da, Baztango dialektoan. Horretarako, Maximino Gómez Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak Ioseba Igarabide erakundeko ordezkariarekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen maiatzaren 15ean.
Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak 8.000 euro emanen ditu materiala erosteko. Materialak funtsean jasota dauden herri guztietako grabazioak barne hartuko ditu, dialektoen aniztasuna aberasteko eta eduki etnografikoagatik interesgarriak direnak.
Ikus-entzunezko funtsak ikerketak, azterketak, sustapena eta hedapena burutzeko erabiliko dira, euskara eta bere dialektoak babestu, berreskuratu eta garatzeko helburuak betetze aldera.
Hitzarmena Nafarroan euskara berreskuratu eta garatzeko Euskararen Foru Legearen helburu nagusia betetzeko egin da. Legeak ezartzen duenez, Foru Komunitateko euskararen dialektoek errespetu eta babes berezia jasoko dute.
Bertzalde, hitzarmenaren arabera, Xaloa Kultur-elkarteak «balio handiko ikus-entzunezko artxibo garrantzitsua» dauka Baztanen erabiltzen den euskararen aldaerak, baztanera batik bat, babesteko.
Gogoratu beharra dago 2010ean bi erakundeek bertze lankidetza-hitzarmen bat adostu zutela Euskararen Mediatekaren funtsak hobetzeko. Orduan, 10.000 euro eman ziren 100 orduko ikus-entzunezko materiala erosteko.