Elizondoko herriak Santiago bestak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du hirugarren urtez. Lehiaketa irekia da eta partehartzaileek nahi adina lan aurkez ditzakete. Lehiakideek beren sobreak Elizondoko Herriko Etxeko buzoian sartu beharko dituzte edo Baztango udaleko harreran utzi ekainaren 1eko eguerdiko 12:00ak baino lehen. Sobre hauek posta arruntez bidaltzekotan, maiatzaren 28a baino lehen igorri beharko dira.
Kartel guziek Santioak 2012 testua agertu beharko dute. Kartelaren neurria 50 x 70 zm.koa izanen da, edozein teknika zein kolore erabili daitekeelarik. Lanak saritu eta publikatu gabeak izan beharko dira. Lanak euskarri digitalean (CD batean) aurkeztu behar dira, Tiff edo PDF formatuan, 300 ppp erresoluzioan edo bektoriala, AI, FH edo EPS, Color CMYK eta honekin batera, edozein neurritan (guttienez A4) inprimaturiko orri bat ere aurkeztu beharko da erakusgarri gisa.
Kartelgileak lema bat jarri beharko du Cdan eta sobre itxi baten azalean, Cdan agertzen den lema bera idatzi beharko da, eta sobre honen barrenean, egilearen datuak egon beharko dira (telefonoa, izen-deiturak…). CDa eta sobre itxia sobre haundi batean sartu beharko dira.
Epaimahaia Elizondoko 2012ko Besta Komisioak osatuko du. Erabakia ekainaren 5ean jakinaraziko da. Irabazleak 300 euro eta zikirorako bi txartel jasoko ditu.