Neguko sute denboraldia akitu den honetan, Baztanen balantze gazi-gozoa egin du Jon Elizetxe udaleko ingurumen zinegotziak. Alde batetik, nekazarien partehartzea inoiz baino handiagoa izan da, baina bertze aldetik baimenik gabe ere su gehiago piztu da.
Alde batetik, eta urtero bezala, EPRIF taldeak, Oronozko suhiltzaileen eta Baztango nekazarien laguntzarekin 274,74 Hektarea erre dira, 31 erreketetan, datu historikoa. Jon Elizetxe zinegotziak aipatu duenez,” aurtengo helburuetako bat nekazari gehiagoren partehartzea zen, eta 300 pertsona baino gehiagok parte hartu izana datu pozgarria da, iazko 184ko zifra errex gaindituz”. Bertzalde, aurten nekazariek bere kabuz 37 erreketa egin dituzte, 125,6 Hektarea, «datu aipagarri eta itxaropentsutzat eman ditzazkegu».
Baina tamalez baimenik gabeko suei buruz ere mintzatu behar da, iaz baino 13 sute gehiago izan baitira. Guztira 96,65 Hektarea erre dira baimenik gabe, horietako 72,25 larreak izan dira eta ez da landarerik ezta bertzelako kalte aipagarriegirik izan. Bere kabuz sortutako arboldi berri batzuk ere erre dira, 12 guztira, 24,4 Hektareako eremuan.
Laburbilduz, aurtengo denboraldian bi alderdi izan dituela aipatu du Jon Elizetxek, «bat arras positiboa, nekazarien partehartzea hobetu delako eta EPRIF eta suhiltzaileek egindako lana eta lanerako eskaini duten borondatea izugarria izan da. Guztira 400,34 Hektarea baimenarekin erre izana datu historikoa da». Alderdi negatiboari dagokionez, «oraindik badago jendea baimenik gabe erretzen segitzen duena, iaz baino hiru aldiz sute gehiago erretako partzelei dagokienez, eta lau aldiz gehiago erretako arboldia izan delako», jakinarazi du Baztango udaleko ingurumen zinegotziak.