NaBai 2011, Baztango Nafarroa Bairen babes taldeak Baztango udal gobernu taldea osatzen duten Bildu eta Baztango Ezkerraren kudeaketa kaxkarra salatu du eta Nafarroako Gobernuak onartu eta diruz lagundutako proiektuen inbertsioak galdu dituela jakinarazi du, “Baztan eta baztandarren kalterako”.
NaBai 2011ren prentsa-oharrak dioenez, Nafarroako Toki Azpiegitura planean sartuak eta onartuak zeuden eta dirulaguntzak konprometutuak zituzten bi proiekturi uko egin diote Bilduk eta Baztango Ezkerrak, Zigako hilerriaren handitze lanak eta Almandozko zeharbidearen hobekuntza. Lan hauek egiteko Nafarroako Gobernuak eta lehengo legealdiko udalak ofizialki hitzarmena sinatua zutela eta dirulaguntza bazuela aipatu du NaBaik. Zehazki, lanen aurrekontua 916.765 eurokoa zen, Nafarroako Gobernuak, 714.790 euro hizemanak zituen, 463.487 euro Herrilan Departamentuaren bitartez eta bertze 251.303 euro Toki Administrazio Departamentuaren bidez.
NaBai 2011k dioenez, proiektuak ez dira Bildu eta Baztango Ezkerraren gustuko eta zergatik galdegiten du: “Nafarroa Bairen lehengo udal gobernu taldeak kudeatu eta konprometitu zituelako edo herri horietako alkateak ez direlako “beraien sokakoak”?
Baztango udal gobernu taldeak “inbertsioak logika bati segituz berrantolatu” direla jakinarazi zuen bere garaian eta NaBai 2011k dio “berrantolaketa horri esker Baztan deus gabe gelditu dela, bi proiektu horiendako dirulaguntza galdu baitu. Nafarroako Goberua arras kontent egonen da erabaki honekin konprometituak eta sinatuak zituen milioi terdi euro baino gehiago aurreztuko dituelako, Bildu eta Baztango Ezkerraren disparateari esker”.
NaBai 2011k dioenez, lehengo legealdian Bilduk eta babesa ematen dioten herrietako alkateek gogor erasotzen zuten Nafarroa Bairen udal taldea, Nafarroako Gobernuak Baztango Udalaren proiektu batzuk ez zituenean onartzen. “Orduan, gaur egun zinegotzi direnetako batzuk ezinezkoak ziren gauzak eskatzen zituzten, eta udalaren arazoa zela zioten”, dio NaBai 2011ren oharrak. Talde honen ustez, “protesta egitea eta bertzeen lana zangotrabatzea erraza da, baina gobernatzea zaila da” eta horretaz, Zigako hilerriaren eta Almandozko zeharbidearen aferean “solas gutiago eta zerbait egitea” eskatu du.