«Gizarte Bilguneak bizitza handia eman dio Iruritari»

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 3a

Maki eta Kristina Urtasun Jaimerena ahizpak aski ezagunak dira kultur eta kirol arloan. Iruritako Salbatore bestetan edo Dantzari Egunean ez dute hutsik egiten beraien txistu doinuek eta normalean lan egitea suertatzen zaie egun handian. Hala ere, Kristinak aur­ten deskantso hartuko duela aipatu digu eta Makik, «neri bakarrik txistu jotzea, hori lana bada…». Bestetan gehien gustatzen zaiena zer den galdetutakoan, Makik dena gustatzen zaiola aipatu digu, «Salbatore eguneko dantzak, zikiroa, ‘ez hain gazteen’ bazkarie». Kristinari, berriz, «karrikako giroa, herri guzie kanpoan ikustea» gustatzen zaio. Guttiena, berriz, «zikinkeria eta zakarkeriak».

Posible izanez gero zer ekarriko luketen bestetara galdetuta, dauden bezala arras ongi daudela uste dute. Halere, guardasolen bestak bezala ezagunak dira Salbatoreak eta eguraldiak kezka sortzen duenez, «karpa haundi bat herri guzie tapatzeko eurie eginez gero?» proposatu du Makik eta «posible izanez gero, eguzkia» aipatu du Kristinak. Neska kirolariak ere badira bi ahizpak, gazte-denboran eskubaloian aritu ziren BKTn eta orain pala edo frontenisen aritzeko raketa maiz hartzen dute… «orain kirola xuabe xua­be. Bestetan ez dut kirolik eginen» aipatu digu Makik eta Kristinak dioenez, kirola «gaztea zarelaik bai, orain ni dena xuabe xuabe, bai kirola bai besta».

Musika ez ezik, kantua ere maite dute eta Elizondoko Abesbatza Ttikia gidatzen aritzen dira… Hortaz, musika eta kanturik gabeko bestarik ez dituzte imajinatzen. «Ez, inondik ere –dio Makik– bazkari on bat, kantu batzuk, gero dantza…». Kristinarentzat ere, «musikarik gabe ez ziren bestak izanen». Eta bestarako , «giro onean» edozein euskal kantuk balio duela uste dute. Udako besta garaian, udako kantak ere urtero-urtero atera­tzen dira eta aunitzetan bestetako protagonista izaten dira ostatuetan, txoznetan… Horieta­koren bat aukeratzeko eskatuta ez dute batere garbi Urtasun ahizpek: «Ufff, bai zaila –eran­tzun digu Makik– Ez dakit udako kanta, baino bai bestetan paratzen zuten edozein ‘salsa’ mota». «Aspaldian utzi nituen udako kantak –erran digu Kristinak– baina bestak akitzen direnerako batzuk ikasten ditugu, aurtengoak auskalo!».

Kultur arloan hainbertze mugitzen diren emakumeak izanik, Gizarte Bilguneak Iruritari ekarpen handia egin diola uste dute. Makiren arabera, «bizitza eman dio herriari, kontzertuak eta bertze hainbat ikuskizun antolatzeko aukera, baita ikastaroak ere». Kristinak dioenez, «Iruritan betidanik gauza aunitz antolatu dira eta herriko hainbertze tokitan egiten ziren, Gizarte Bilgunea leku aproposa bihurtu da gauzak han egiteko eta gehiago antolatzeko ere».

Herriko besten propaganda eginez, zer erranen zeniokete jendeari Iruritako bestetara hurbiltzeko? galdegin diegu: «Arront giro polita izaten dela. Probatzera etortzeko» eran­tzun digu Makik. «Eguraldi ederra eginen duela aurten, besta egiteko aproposa» iragarri du baikortasunez Kristinak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun