Aroztegiko proiektuaren plan partzialaren behin betiko onarpena berrikusi eginen du Udalak. Halaxe erabaki zuen apirilaren 18ko ez-ohiko udalbatzarrean, Bildu, Ezkerra eta NaBai 2011ko zinegotzien aldeko botoekin. Proposamenaren aurka UPNk egin zuen eta kontrako botoa azaltzerakoan, «Udalaren bederatzi hilabeteko utzikeria salatzeko» dela adierazi zuen eta Garbiñe Elizegi alkatea bere garaian Aroztegia eta gero zer? plataformako presidente izan zela salatu zuen. Orain, espedientea Nafarroako Kontseilurat bidaliko da eta honek loteslea den irizpidea emanen du.
Batzar berean, egitasmoa geldiarazteko egin den txosten juridikoa azaldu zen, joan den abuztuan eskatua, eta horren arabera, Udal Planaren egiturazko aldaketa puntualaren behin betiko onarpena auzibideetan dago eta baliogabea izan daiteke, eta onartu den plan partzialaren txostenak prozedurazko irregulartasunak omen ditu. Plan partziala legezko epeak pasatuta aurkeztu zela ere ageri da eta plan partzialaren behin betiko onarpenaren inkoazioa legez baliogabea dela, lurzoru berriak sailkatzen dituelako.
Udalak ez-ohiko batzarraren aitzinetik oharra kaleratu zuen, «proiektuak ez duela Baztango eta Lekarozko etxebizitza beharrekin deus ikustekorik» erranez eta «Baztango lurralde egitura osoa urratzeaz gain, hainbat arazo sortzen dituela» adieraziz. Gaineratu zuenez, «Baztango Udal Plan Orokorrean herritaren parte hartzerako kuarteletan egin diren bilkuretan nabarmen gelditu denez –ehun herritar bilkuren itzuli bakoitzean–, Baztanen egin beharreko etxeak, egin behar izatekotan, herri bakoitzeko beharren arabera egin behar dira, herri guztietan banatuta».