Ez zen preziski udaberriko girorik, baina halere 27 ahari aurkeztu ziren apirilaren 13an, Elizondoko Udaberriko Feriako ahari lehiaketan, horietako 18 burubeltz sailean eta 9 burugorrietan. Burubeltzen artean Iruritako Gernuxarreko Miguel Angel Maritorenak aurkeztutako batek lortu zuen lehen saria, bigarrena Erratzuko Txisperriko Soledad Iturbidek aurkeztutakoak eta hirugarrena Almandozko Etxotoko Begoña Etxalarrek eramandakoak. Burugorrien artean, lehenbiziko saria Arraiozko Indakoako Felisa Ugarterentzat izan zen, bigarrena ere Arraiozera joan zen, Sagrario Urrozentzat eta hirugarrena Gartzaingo Etxezurikobordako Feliciano Etxarterentzat. Halaxe erabaki zuen Jon Elizetxe zinegotziak, Gartzaingo Maitoneko Federico Etxenikek, Elizondoko Pardioleneko Manuel Bertizek eta Josu Sarobe albaitariak osatutako epaimahaiak. Antolaketan laguntzaile izan diren Cedernako Izaskun Abrilek eta Bertizko Partzuergoko Izaskun Goñik ere parte hartu zuten sari banaketan. Lohiari aurre eginez, eguerdi partean batez ere, jendetza ibili zen Merkatuko Plazan. Horietako aunitzek Baztanzopak dastatzeko aukera izan zuten, baita Baztango dantzari ttikiek gorapean eskainitako erakustaldia ikusteko ere. Eskulangileek ere gorapean erakutsi eta saldu zituzten bere produktuak. Ahariez gain, Martin eta Mendiburu tratanteei esker, dozena bat behi buru ere ikusi ziren.