«Nafarroako Gobernuaren diru egoera txarragatik eta aurrekontuen seriotasun faltagatik, Baztanek tokiko inbertsio planaren barnean egin behar zituen obra garrantzitsuak ez ditu egiten ahalko». Halaxe adierazi zuten Garbiñe Elizegi alkateak eta Florentino Goñi zinegotziak apirilaren 13an egindako prentsaurrekoan. Obra horien adibide ondokoak aipatu zituzten: Iruritako uraren goi-hornidura (Irurita eta Lekarozi zerbitzua emanen liekeena), Amaiurko ur depositua, Anizko hilerriko bidea konpontzea, Berroetako bidea moldatzea eta Gartzaingo Urkizteko bidea konpontzea. Osotara 683.311,49 euroko lanak dira eta Gobernuak 466.026 euro ordaindu behar zituen eta Udalak 217.284,79 euro.
Duen zorragatik «maileguak eskatzeko ezintasuna» du Udalak eta «Gobernuaren murrizketa gogorrak» tarteko, Udalak inbertsio atala berrantolatu behar izan duela azaldu zuten prentsaurrekoan, «guztiz ezinezkoa baitzen aitzineko legealdian onartutako obra guztiak egin ahal izatea». 2.233.850,33 euro dira, eta horietatik 1.560.295,53 euro Gobernuak ordaindu behar zituen eta Udalak 667.559,8 euro. «Interes eta urgentzia soziala irizpide gisa hartuta, aurreikusiak ziren obra batzuk gerorako utzi eta diru hori uholdeetako kalteak konpontzeko eta behar handiagoa zuten obrak egiteko bideratu da», erran zuten Elizegik eta Goñik. Eta gaineratu zutenez, «interes eta urgentzia soziala diogularik bereziki uholdeen kalteez eta herriak urez hornitzeaz ari gara; eta horiekin, funtzio sozial garrantzitsua duten bideetaz: Anizko, Berroetako eta Gartzaingo pistak, baserritarrek etxera joateko beharrezkoak dituzten pistak».
Udalak «bere partea egin duela» diote Bilduk eta Ezkerrak: «diru mugak ikusita aurrekontu errealak egin eta inbertsioak lehentasunen arabera berrantolatu ditu logika baten barnean gauzak egin ahal izateko». Aldiz, Gobernuak «bere partea ez egiteaz gain, seriotasun eta sinisgarritasun falta neurrigabea erakutsi duela» diote: «aurtengo aurrekontuetan aitzineko urteko Tokiko Inbertsio Planeko 42 milioi euroak ordaintzeko 37 milioi bertzerik ez baititu bideratu. Hau da, 2011n egindako obrak ordaintzeko bortz milioi euro gutiago bideratu ditu». Hori dela eta, «aurtengo obretan hasteko ere, lehenbizi aitzineko urteko bortz milioiak lortu beharko ditu». Udaletxeak aurreikusitako obrei uko egiteko eta ho-rrela, diru hori bertze gisa erabili ahal izateko, Gobernua legea aldatu eta erraztasunak ematen ari dela ere salatu dute Bilduk eta Ezkerrak.
Gobernuaren kontuak «kudeaketak txar baten emaitza dira», Udal Gobernuaren irudiko eta «udalerri eta herritarrak baztertzen ditu». Gisa berean, «kudeaketa txarrak arduradun politikoak ditu Baztanen: UPNren udal taldea», diote Ezkerra eta Bilduk: «Baztango UPN Iruñeko buruzagiei kontuak eskatu beharrean, nahasmenduan bertzerik ez dabil, Udal Gobernauri direnak eta ez direnak egotziz».
Akitzeko, baztandarrek herrietan ura izateko, uholdeetako kaltea moldatzeko eta funtzio sozial nabarmeneko bidea konpontzeko eskubidea dutela oroitarazi dute eta Gobernuari leporatu diote galaraztea.