Haur Hezkuntzako lehenbiziko edo 0-3 urtekoen zikloa arautzen duen 28/2007 Foru Dekretua aldatu nahi du Nafarroako Gobernuak, hezitzaile bakoitzak artatzen ahal duen haur kopurua igoz eta ziklo honetako ikasle zein irakasleen baldintzak okertuko direlaren beldur dira Haur Eskolak.
Gaur egun, hezitzaile bakoitzak bularra hartzen duten 8 neska-mutiko artatu behar ditu, 1-2 urte arteko 12 haur eta 2-3 urte arteko 16. Europan, aldiz, ratioa erdia da, hau da, hezitzaile bakoitzak gehienez bularra hartzen duten lau haur, 1-2 urte arteko 6 eta 2-3 urte arteko 8 atenditzen ahal ditu. Beraz, lehendik ere haundia zen haur kopurua oraindik ere handitu nahi dutenez, kalitatearen ikuspegitik gibelerako pausua dela uste dute Haur Eskolek.
Gainera, haur eskolen baldintza fisikoetan ere aldaketak egin nahi dituzte eta horrek haurren garapena kaltetzen ahal duela uste dute. Honela, 0-3 urte arteko haurrak dituzten zentroak patiorik gabekoak edo argindar naturalik gabekoak ere izan daitezke dekretu berriaren arabera, eta komunek ez dute nahitaez ikasgelen ondoan egon behar, horrek dakarren segurtasun galerarekin.
Mobilizazioak
0-3 urtekoen hezkuntza zikloko plataforma ere osatua da eta azken hilabeteetan, hainbat mobilizazio egiten ari dira.
Asteazken eta ortzegun honetan, maiatzak 2 eta 3, erraterako, kalera aterako dira Nafarroa osoko haur eskola gehienak. Bera, Elizondo eta Doneztebeko haur eskolek ekimenarekin bat egin dute eta egun horietan elkarretaratzeak eginen dituzte. Beran ortzegunean 17:00etan Errekalde parean, Elizondon asteazkenean 18:00etan plazan eta Donezteben ortzegunean 09:30ean haur eskolako atarian. Aipatu, Elizondon, Segurtasuna bermatzeko, haur kopurua ez igo edo Kalitatezko haur eskolen alde zioten pankartekin protesta egin zutela apirilaren 20an Haur Eskolan hainbat guraso, haur eta hezitzailek.
Hori baino lehen, apirilaren 25ean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean protesta egitekoa zuten, 0-3 duinaren alde, dekretua aldatu lelopean. Eta bitartean, Plataformako kide batzuek parlamentuan lan bilera izan zuten.
Astearte honetan, berriz, STEE-EILAS sindikatuak Nafarroako Eskola Kontseiluan osoko zuzenketa bat aurkeztekoa zuen, guttienez, ziklo honek orain arautzen duen dekretuak zehazten dituen betebeharrak mantendu ditzan eta 2 urteko moratoria bat eman dezaten eskatuz, eskola guztiek beraien zerbitzuak baldintza hauetara egokitzeko.