Martxoko berripapera ere kaleratu du Bilduk, aldi honetan, Almandozko harrobiari buruz. Bilduk argitu du «hasieratik handiagotzearen gaia almandoztarrek erabaki behar dutela» defendatu duela. «Inplikatutako alde guztiekin mintzatzen» saiatu direla gaineratu du.
Abenduan almandoztarrek egindako batzarrean harrobiaren aurka agertu zirela oroitarazi du Bilduk. Haatik, gaia Batzar Nagusian eztabaidatu zenean, «Almandozko alkateak erran zuen bere irudia zela herritarrak solasteko eta akordio baterat iristeko prest zirela; herritarrek beren burua ez zutela erabakia hartzeko prest ikusten eta erabakirik hartu baino lehen gauza aunitz konpondu behar zirela erran zuen», dio Bilduk. Hortaz, Batzar Nagusian gaia lantzeko batzordea sortu zen: «batzordekideak almandoztarrekin, harrobiko jabeekin eta kaltetutakoekin bildu dira».
Batzordean adostu bezala, herritarrekin batzorde informatiboa egin zen, «galdeketa berrirako galderak adosteko», baina «batzarre gaizto eta beroa izan zela» adierazi du Bilduk: «Almandozko alkateak eta Begoña Sanzberrok izan zuten errespetu faltazko jarrera guztiz lotsagarria eta onartezina izan zen». Ondotik, herritar batzuk herrian batzarre-galdeketa egiteko sinadura bilketa egin zuten eta galdeketa horretan zentsoaren %79k parte hartu zuen eta %58 harrobia handitzearen alde agertu zen.
Asfalto lantegiaren eta pista berriaren gaia ere aztertu dira. Bilduren arabera, «2001ean hasi zen pista berria egiteko proiektua, baina ez da deus egin eta orain, espedientea aztertzen hasita, asfalto lantegian irekiera lizentziarik gabe ari direla ikusi dugu». Apirilaren 3ko Batzar Nagusian almandoztarrek harturiko erabakiak gehiengo osoz berretsi ziren, harrobia handitzeko baimena emanez eta sarrera berria Abreiko parajetik eginen dela erabakiz. Bozketa aitzinean bai aldeko eta bai kontrakoen inguruan jendea erroldatu zela ere erran du Bilduk; «erdi eta erdi goiti beheiti». Abenduko bozketan ere irudiko zerbait pasatu omen zen, eta horrelakorik errepikatu ez dadin, ordenantzak aldatu egin ditu Batzar Nagusiak. Horren harira, «Diario de Noticiasen jokamodu manipulatzailea» salatu du.
Harrobiak sortzen dituen arazoak konpontzeko hartu diren neurriak ere ageri dira berripaperean.