Badira 16 urte Gotzon Garate zenaren lagunak maiatzaren 1ean elkartzen direla. Duela bi urte hil zen Garate baina bilkura horrekin segitzen dute. Aurten Amaiur eta Arizkunen eginen da Gotzon Garateren adiskideen biltzarra.
Gotzon Garatek urte aunitz eman zituen Euskal Herriko 7 lurraldetako hainbat baserritan, inoiz frantsesa eta gaztelania ikasi ez zuten bertako aitatxi-amatxirekin solasean, haien jakinduria zurrupatuz hauek hil baino lehen. Amaiur eta Arizkunen ere ibili zen, baita Sunbillako baserrietan ere. Gotzon Garateren Adiskideek diotenez, «Ikusirik gure ama-hizkuntza sustatzeko egin zuen lan bikaina eta zabala (Euskal literatura "beltzaren" sortzailea, Euskal Filologia karreraren sortzailea, 20.000 esaera zaharrak bildu eta argitaratu zituen Esaera Zaharrak liburuan, hamaika artikuluren egile, euskararen bultzatzaile sutsua, Deustuko Unibertsitateko irakasle, e.a.) eta jakinik bere lanaren eta bidaien ondorioz, Euskal Herriko 7 lurraldetako euskaldunak elkartzea lortu zuela» egiten da bilkura hau.
Aurtengoa Baztanen elkartzen diren bigarren aldia, lehenago 2004an izan ziren Arizkunen. Aurten Amaiur aukeratu dute, Nafarroako konkistatik 500 urte betetzen direla gogoratuz. Hortaz, 11:30ean meza izanen dute Amaiurko elizan. 12:30etik 14:00etara Amaiurko herriaren eta gazteluaren ikustaldi gidatua izanen da eta 14:15ean bazkaria izanen dute Arizkungo Ordoki auzoko Uxoa jatetxean.