«Erreketak egiten badakiela uste du jendeak baina arras gutik dakite»

Gurutze PIKABEA 2012ko mai. 2a, 15:45

Aitor Bazterrika basozaina Urrezko Intsignia eskuetan duela. Juan Mari Ondikol

Sute kontrolatuetan puntu beltza izatetik, eredugarri izatera pasatu da Baztan. Hala dio batek baino gehiagok. Aurtengo neguko suteen kontrako kanpaina ere arras ongi joan da Baztanen eta datu historikoak lortu dituzte. Xehetasun gehiago Aitor Baz­te­rrikak eman dizkigu, 2000az geroztik Baz­tan­go udaleko basozaina denak. Iaz Es­painiako Minis­terioak EPRIF Baso Suteen Aur­kako Taldeari emandako sariaren bidetik, aurten Urrezko Intsignia eman diote Bazterri­kari, suteen kontra herritarrak sentsibilizatzeko egindako lanagatik.

 

Urte hauetan zer aldatu da mendiko suteen aferan Baztanen?

Urte andana baditugu lanean, baina emaitza onak azkeneko bi urteotan lortu ditugu. Gan den urtean, Baztanen kuartel­ka bilerak egitea pen­tsatu genuen. Bilera horietan jendeak gauzak aitzi­ne­ra ateratzeko eta gauzak behar bezala egiteko interes haundia zuela ikusi genuen. Laguntza­ eskainiz kanpaina bat egin genuen eta denborak ere aunitz lagundu zigun eta erreketa aunitz egin ziren. Jendea arras kontent gelditu zen. Aurten hel­burua suteetara jende­ gehiago etortzea zen eta helburu hori erraz bete du­gu. Eguraldiak ere lagundu digu eta konpromi­so gehiegi bagenituen ere, ia denak bete­ ditugu­.

Zer moduz joan da aurtengo kanpaina?

Baztanen, EPRIF taldea­ren eta suhiltzaileen laguntzarekin, 22 egunez 32 erreketetan parte hartu dugu eta guztira 276,4 hektarea erre ditugu. Erreketa hauek bigarren eta hirugarren maila­koak izan ohi dira, lehen mailakoak­ errezagoak dira eta neka­zariek be­raiek egiteko uzten dira. Hortaz aparte, ne­kaza­riek beraien kabuz, 37 erre­keta gehiago­ egin dituzte, guztira 132 hektarea errez. Datu historikoak dira, 400 hektarea pasata erre dira­ eta denak baimenduta. Baina ber­tzetik, iaz baimendu gabeko lau sute baka­rrik izan ziren eta aurten hogei bat izan dira, nahiz eta erre dena ez den inte­res haun­dikoa izan, gehiena larrea izan baita. Beraz, aurtengo kanpainatik bi afera aipa daitezke: bate­tik, ne­ka­­zarien parte­hartzea haundiagoa izan dela eta erreketa kon­trolatu­ gehiago egin dire­la. Eta ber­tzetik, baimenik gabe­ko erre­ke­tak egin dire­la. Hor finkatu be­har dugu hel­du­ den urteko lana. Aur­ten ez da inor ha­rra­­pa­­tu erre­tzen, baina­ heldu den urtean kon­trol ge­hiago izanen dira. Baime­nik gabe­ erre­tzen duenak­ zigorra izanen du. Su eman eta ihes egiten duenak bada­ki suak erre nahi de­na eta na­­­hi ez dena erreko duela.­­

Jendea kontzientziatua dago suteak nola egin behar diren?

Kontzientziatzen ari da, baina Udalak, EPRIF taldeak eta suhil­tzaileek laguntza ematen dutelako. Erre­ketak nola egin be­har­ ­diren erakusten ere ari ga­­ra. Jendeak­ erreketak egiten ba­dakie­la uste duen arren, behar be­zala­ erre­tzen gutik dakite­. Guk maldan be­hei­ti erre­tzen dugu eta jen­deak­ alderantziz erre­tzeko ohitura du. Goitik beheiti erre­tze­ko denbora ge­hia­go­ behar da baina emai­tzak arras hobeak dira.

Zer egin behar da kon­tro­latutako sutea egite­ko?

Lehendabiziko baimena eskatu behar da. Urte hasieran eskaerak hartzen ditugu eta basogintza eta nekazari­tza aldetik, hektarea aunitz dituztenak kontuan har­tuz, arrisku maila ikusiz, landaketak badauden edo etxebizi­tzak arriskuan dauden ikusiz, zerren­da bat egiten du­gu. Zerrenda hori kontuan hartuz antola­tzen­ dira erreketak, arriskutsuenetik arrisku ttikiena duene­ra. Eguraldiak la­­guntzen duen guztia egiten da kanpaina akitu­ arte. Gisa­ berean, erreke­tan guttienez bortz ne­ka­zarik egon behar dute, udaletxetik batek edo bik, EPRIFekoak erreketaren arabera (lan handiarekin gehiago) eta lauzpabortz suhil­tzaile. Nafa­rroa­­ko Go­ber­nutik ematen dute baimena, suhil­tzai­leek­ egun horretan erre daitekeen ala ez erraten dute eta sutea hasi aitzinetik zein paraje erre behar den jakina­razi behar da eta erreketa aki­tzean ere abisua eman behar da.

Zer gehituko zenuke­?

Inguruko bailarek Baztan­ eredu izan beharko­ ­lu­kete eta la­nean hasi, mendia denona dela­ko. Gure esperientzaren berri emateko prest gaude.

 

2012KO KANPAINA

«EPRIF taldearen eta suhiltzaileen laguntzarekin, 22 egunez 32 erreketetan parte hartu dugu eta guztira 276,4 hektarea erre ditugu. Hortaz aparte, nekazariek beraien kabuz, 37 erreketa gehiago egin dituzte, guztira 132 hektarea errez. Datu historikoak dira, 400 hektarea pasata erre dira eta denak baimenduta. Baina bertzetik, iaz baimendu gabeko lau sute bakarrik izan ziren eta aurten, hogei bat izan dira»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun