Elizondoko Haur Eskolan protesta egin dute Nafarroako Gobernuaren dekretuaren kontra

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 23a

Hezitzaile bakoitzeko haur kopurua igotzearen kontra agertu dira Elizondoko Haur eskolan. Juan Mari Ondikol

Hezitzaile bakoitzak hartzen duen haur kopurua igo nahi dute eta zentroen baldintza fisikoak kaxkarragoak izanen lirateke

“Segurtasuna bermatzeko, haur kopurua ez igo” edo “Kalitatezko haur eskolen alde” zioten pankartekin protesta egin zuten apirilaren 20an, ortziral goizean Elizondoko Haur Eskolan hainbat guraso, haur eta hezitzailek.

“Segurtasuna bermatzeko, haur kopurua ez igo” edo “Kalitatezko haur eskolen alde” zioten pankartekin protesta egin zuten apirilaren 20an, ortziral goizean Elizondoko Haur Eskolan hainbat guraso, haur eta hezitzailek.

0 eta 3 urte bitarteko irakaskuntza dekretuan aldaketak egin gogo ditu Nafarroako Gobernuak, hezitzaile bakoitzak artatzen ahal duen haur kopurua igoz eta Baztango Haur Eskolan neurri horien kontra azaldu dira. Zehazki, gaur egun, hezitzaile bakoitzak bularra hartzen duten 8 neska-mutiko artatu behar ditu, 1-2 urte arteko 12 haur eta 2-3 urte arteko 16. Europan, aldiz, ratioa erdia da, hau da, hezitzaile bakoitzak gehienez bularra hartzen duten lau haur, 1-2 urte arteko 6 eta 2-3 urte arteko 8 atenditzen ahal ditu. Beraz, lehendik ere handia zen haur kopurua oraindik ere handitu nahi dutenez, kalitatearen ikuspegitik gibelerako pausua dela uste dute Elizondoko Haur Eskolan eta horregatik egin zuten ortziraleko protesta.

Gainera, haur eskolen baldintza fisikoetan ere aldaketak egin nahi dituzte eta horrek haurren garapenean kaltzetzen ahal duela uste dute. Honela, 0-3 urte arteko haurrak dituzten zentroak patiorik gabekoak edo argindar naturalik gabekoak ere izan daitezke dekretu berriaren arabera, eta komunek ez dute nahitaez ikasgelen ondoan egon behar, horrek dakarren segurtasun galerarekin.

Beraz, haurren onerako dekretu hau ez gauzatzea eta krisi garaiei aurre egiteko onena hezkuntzan inbertitzea dela jakinarazi dute Elizondoko Haur Eskolatik.

Mobilizazioekin segitzeko asmoa dute eta maiatzaren 2an, 18:00etan bertze elkarretaratze bat eginen da Elizondoko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun