Baztango Balleko Udalak apirilaren 19an egindako ez ohiko osoko bilkuran Aroztegiko proiektu urbanistikoa geldiarazteko plan partzialaren behin betiko onarpenaren berrikusketa egitea onartu zuen. Proposamenaren alde Bilduko bortz zinegotziak, Ezkerrako biak eta Nafarroa Baikoa agertu ziren. Proposamenaren aurka berriz UPN. Orain espedientea Nafarroako Kontseilurat eramanen da eta honek loteslea den irizpena emanen du.
UPNk bere kontrako botoa azaltzerakoan, «Udalaren 9 hilabeteko utzikeria salatzeko» dela adierazi zuen eta Garbiñe Elizegi alkatea bere garaian Aroztegia eta gero zer? plataformako presidente izan zela salatu.
Baztango Udalak eskatutako txosten juridikoaren berri eman ondotik hartu zen erabakia; bertan egitasmoaren banaketa areari buruzko egoera juridikoa aztertzen zen. Txostena egiteko udalak hainbat eskaera egin dizkio enpresa sustatzaileari baina honek ez du deus erantzun.
Udalak egindako txosten juridikoak dio udal planaren egiturazko aldaketa puntualaren behin betiko onarpena auzibideetan dagoela eta baliogabea izan daitekeela eta onartu den plan partzialaren txostenak prozedurazko irregulartasunak dituela. Modu berean plan partziala legezko epeak pasatuta aurkeztu zela erraten du. Bertzalde, plan partzialaren behin betiko onarpenaren inkoazioa legez baliogabea dela dio, lurzoru berriak klasifikatzen dituelako. Hori egitea determinazio estrukturatzailea da eta ez dator bat Herri Laneko zuzendaritzak ezarritako determinazioekin.
Udalak ez-ohiko batzarraren aitzinetik oharra kaleratu zuen gaiaren inguruan, «proiektuak ez duela Baztango eta Lekarozko etxebizitza beharrekin deus ikustekorik» erranez eta «Baztango lurralde egitura osoa urratzeaz gain, hainbat arazo sortzen dituela», erranez. Gaineratu zuenez, «Baztango Udal Plan Orokorrean herritaren parte hartzerako kuarteletan egin diren bilkuretan nabarmen gelditu denez –ehun herritar bilkuren itzuli bakoitzean–, Baztanen egin beharreko etxeak, egin behar izatekotan, herri bakoitzeko beharren arabera egin behar direla argi dago, herri guztietan banatuta eta, horrek bistan denez, Aroztegiarekin ez du deus ikustekorik».
Aroztegiko proiektuan, bertzeren artean 252 bizitza berri egin nahi dituzte. Bere garaian Lekarozen egin zen herri galdeketan parte hartzaileen %67 proiektuaren aurka agertu zen.