Lehiaketa-oposizio bidez, Udalarendako aritzeko gizarte langilea kontratatzeko asmoa du Udalak, euskaraz dakiena eta lanaldi osoan. Helburu horrekin zabaldu zuen hilabete hasieran deialdia eta astearte honetan, apirilak 17, akitzekoa zen plaza horretara aurkezteko epea.
Behin epea akituta, euskara maila adierazteko ziurtagiririk aurkezten ez duten hautagaiek euskara proba ortzegun honetan, apirilak 19, eginen dute, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek bideratuta. 09:00etan idatzizko proba eginen dute eta 13:00etan ahozkoa.
Oposizioaldiko froga teorikoa apirilaren 25ean eginen da 09:00etan; praktikoa egun berean baina 11:00etan eginen da eta elkarrizketa pertsonala, apirilaren 27an 09:00etatik aitzinera.
Aipatzekoa da, lehiaketa-oposizioa gainditzen duten hautagaiekin lan poltsa sortuko dela etorkizunean ordezkapena bideratu ahal izateko. Gisa berean, gerora begira, gizarte arloko programek jarraipena badute, Nafarroako Gobernuak eta Udalak sinatutako hitzarmenen arabera, eta Udalak gizarte langile baten beharra baldin badu, lan poltsa erabiliko litzateke gizarte langile horren lanpostua betetzeko.
Etxez-etxeko familia langileak
Baina gizarte langileez aparte, etxez-etxeko zerbitzurako familia langileak kontratatzeko ere lan poltsa osatu nahi du Udalak. Eta interesatuek ortziral hau, apirilak 20, izanen dute aurkezteko epea. 14:00 baino lehen egin beharko dute. Kasu honetan ere euskaraz jakitea ezinbertzekoa izanen da eta horren ziurtagiririk aurkezten ez duenak idatzizko eta ahozko frogak egin beharko ditu. Idatzizkoa apirilaren 23an eginen da, 09:00etan.
Lanpostuari buruzko ezagutza proba ere eginen da aitzinerago.