Almandozko harrobia haunditzea onartu du Batzar Nagusiak

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 18a

Kintoko desafekzioaren aferan Batzar Nagusiaren erabakia errespetatzeko eskatu zuten hainbat herrietako alkatek eta junteroek apirilaren 2an. Aretotik ere atera ziren. Alicia Del Castillo

Almandozen egindako batzarrean ere haunditzearen alde agertu dira herritarrak

Almandozko Arritxu­ri harrobia haunditu eginen dute. Hala onartu zuen apirilaren 2ko bileran Batzar Nagusiak, aldeko 24 botorekin, kontrako laurekin eta bi abstentziorekin. Eta haunditzearen aldeko botoak nagusitu ziren apirilaren 1ean Almandozen berean egin zen batzarrean ere. Errol­datuak dauden 188 he­rritarretatik 150ek eman zuten botoa eta 87k ha­rrobia haundi­tzearen alde egin zuten, 62 kontra agertu ziren eta batek zurian eman zuen botoa. 6,7 hektareako eremua haundituko da.

Bere garaian Batzar Nagu­sian batzorde berezia osatu zen ustiapen honek herritarrengan zein ondorio izan zitzakeen azaltzeko. Haunditzeko erabakia hartu aitzinetik kaltetuekin eta enpresako arduradunekin bildu dira ba­tzordekoak, eta enpresari hainbat baldintza paratu zaizkio: harrobiko zabor piletarako lur okupazio berria eskatu beharko du eta urak bideratzeko lubeta egin. Harrobiko ur zikinendako dekantazio baltsa ere egin beharko du, eta segurtasun eremuan dauden giltxaurrondoengatik balorazioa egin eta jabeei kalteordaina eman beharko die. Gisa berean, Abreiko bidea garbi­tu beharko du pistaren lehengo zabalera berreskuratuz. Proposamenak batzarkide guztien aldeko bozka izan zuen. Sei hilabete izanen du enpresak pista garbitzeko eta gainerako lanetarako, berriz, hiru hilabete.

Harrobia haundi­tzeaz gain, Batzar Nagu­siak ekialdeko bidea aukeratu zuen apirilaren 2ko botazioan, Abreiko bidea, hain zuzen. 24 aldeko boto jaso zituen bide honek eta sei abstentzio. Almandoz­tarrek ere batzarrean bide honen alde egin zuten­.

 

Protesta

Apirilaren 2ko Batzar nagusian, Magnaren Kintoko herri-lurren desafekzio eskaerari Ba­tzar Nagusiak bi aldiz emandako ezetza ber­tze behin berrestea erabaki zuten batzarki­deek. Aldeko 22 boto izan ziren eta 7 aurka (UPN, Ezkerra eta Elbeteko alkatea).

Kintoko desafekzioaren aferan udal ordezkari batzuen eta aldi berean Batzar Nagusietako kide diren batzuen jarreraren aitzi­nean, he­rrietako alkate eta juntero batzuk protesta gisa aretotik kanpora atera ziren. Garbiñe Elizegi Batzar Nagusietako presidenteak, bortz minutuko etena egitea erabaki zuen eta protesta ekimenaren ondotik segitu zuen bilkurak. Ba­tzar Nagusiaren erabakia errespe­ta­­tzeko eskatu zuten.

 

DATUA

24 ALDEKO BOTO  jaso zituen harrobia haunditzeko proiektuak apirilaren 2ko Batzar Nagusian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun