Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du Ernesto Prat euskal presoa aske uzteko eskaera, eta, 25.000 euroko bermea ordainduta, behin-behinean aske gelditu zen apirilaren 13an, ortziralean, epaiketaren zain.
Frantziako Poliziak urtarrilaren 25ean atxilotu zuen Prat, Urruñan (Lapurdi), Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaera bati erantzunez; Ekineko kide izatea leporatzen dio Espainiako Justiziak. Paueko Auzitegiak otsailaren erdialdean erabaki zuen hura Espainiaratzea.
Apirilaren 14an, larunbat goizeko 11.30ean ongi etorri beroa egin zitzaion Elizondoko plazan. Bertan 150 bat lagun bildu ziren. Guardia Zibilaren presentzia nabarmena izan zen eta argazkiak eta bideoak atera zizkieten parte hartzaileei.