Ez zen preziski udaberriko girorik, baina halere 27 ahari aurkeztu ziren apirilaren 13an, Elizondoko Udaberriko Feriako ahari lehiaketan, horietako 18 burubeltz sailean eta 9 burugorrietan.
Bezperan eta goizaldean bota zuen euriaren eta ortziralean ibili zen jende eta azienden ondorioz lohi handia egin zen Merkatuko Plazan, baina halere aziendak ikusteko aukera izan zen.
Ahari lehiaketari dagokionez, burubeltzen artean Iruritako Gernuxarreko Miguel Angel Maritorenak aurkeztutako batek lortu zuen lehen saria, bigarrena Erratzuko Txisperriko Soledad Iturbidek aurkeztutakoak eta hirugarrena Almandozko Etxotoko Begoña Etxalarrek eramandakoak. Burugorrien artean, lehenbiziko saria Arraiozko Indakoako Felisa Ugarterentzat izan zen, bigarrena ere Arraiozera joan zen, Sagrario Urrozentzat eta hirugarrena Gartzaingo Etxezurikobordako Feliciano Etxarterentzat. Halaxe erabaki zuen Jon Elizetxe zinegotziak, Gartzaingo Maitoneako Federico Etxenikek, Elizondoko Pardioleneako Manuel Bertizek eta Josu Sarobe albaitariak osatutako epaimahaiak. Antolaketan laguntzaile izan diren Cedernako Izaskun Abrilek eta Bertizko Partzuergoko Izaskun Goñik ere parte hartu zuten sari banaketan.
Lohiari aurre eginez, eguerdi partean batez ere jendetza ibili zen Merkatuko Plaza inguruan. Horietako aunitzek Baztanzopak dastatzeko aukera izan zuten, baita Baztango dantzari ttikiek gorapean eskainitako erakustaldia ikusteko ere. Eskulangileek ere gorapean erakutsi eta saldu zituzten bere produktuak.
Gehien bat ahariak ikusi ziren Elizondon, baina Martin eta Mendiburu tratanteei esker, dozena bat behi buru ere ikusi ziren.