Tokiko inbertsio planean aurrikusitako obra garrantzitsuak ezin izanen ditu egin Baztango Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 13a

Nafarroako Gobernuaren diru egoera txarra eta aurrekontuen seriotasun faltarengatik dela uste du Garbiñe Elizegi alkateak

Baztanek tokiko inbertsio planaren barnean egin behar zituen obra garrantzitsuak ez ditu egiten ahalko, «Nafarroako Gobernuaren diru egoera txarrarengatik eta aurrekontuen seriotasun faltarengatik», apirilaren 13an, ortziral eguerdian prentsaurrean Garbiñe Elizegi alkateak adierazitakoaren arabera. Egin gabe geldituko diren obren artean daude Iruritako uraren goi-hornidura (Irurita, eta Lekarozi zerbitzua emanen diena), Amaiurko ur depositoa, Anizko hilerriko bidearen konponketa, Berroetako bidearen moldaketa eta Gartzaingo Urkizteko bidearen konponketa. Osotara 683.311,49 euro, horietatik Nafarroako Gobernuak 466.026 euro ordaindu behar zituen eta Baztango Udalak 217.284,79 euro.

Baztanek tokiko inbertsio planaren barnean egin behar zituen obra garrantzitsuak ez ditu egiten ahalko, «Nafarroako Gobernuaren diru egoera txarrarengatik eta aurrekontuen seriotasun faltarengatik», apirilaren 13an, ortziral eguerdian prentsaurrean Garbiñe Elizegi alkateak adierazitakoaren arabera. Egin gabe geldituko diren obren artean daude Iruritako uraren goi-hornidura (Irurita, eta Lekarozi zerbitzua emanen diena), Amaiurko ur depositoa, Anizko hilerriko bidearen konponketa, Berroetako bidearen moldaketa eta Gartzaingo Urkizteko bidearen konponketa. Osotara 683.311,49 euro, horietatik Nafarroako Gobernuak 466.026 euro ordaindu behar zituen eta Baztango Udalak 217.284,79 euro.

Lan horiek egiteko, Baztango udalaren finantza egoera kontuan hartuta, duen zorrarengatik maileguak eskatzeko ezintasuna eta gobernuaren murrizketa gogorrak, inbertsio atala berrantolatu zuen, guztiz ezinezkoa baitzen aitzineko legealdian onartutako obra guztiak egin ahal izatea. Osotara 2.233.850,33 euro, horietatik Nafarroako Gobernuak 1.560.295,53 euro ordaindu behar zituen eta Baztango Udalak 667.559,80 euro. Hortaz, interes eta urgentzia soziala irizpide gisa hartuta, aurrikusiak ziren obra batzuk gerorako utzi eta diru hori uholdeetako kalteak konpontzeko eta behar handiagoa zuten obrak egiteko bideratu dira.

 

Uholdeen kalteak eta ur-hornidura

Interes eta urgentzia soziala aipatzerakoan, Baztango Udala bereziki uholdeen kalteetaz eta Baztango herriak urez hornitzeaz ari da; eta horiekin, funtzio sozial garrantzitsua duten bideetaz: Anizko, Berroetako eta Gartzaingo pistak, baserritarrek, etxera joateko beharrezkoak dituzten bideak.

Alkateak aipatutakoaren arabera, «Udalak bere partea egin du, diru mugak ikusita aurrekontu errealak egin eta inbertsioak lehentasunen arabera berrantolatu ditu logika baten barnean gauzak egin ahal izateko. Baina Nafarroako Gobernuak bere parteak ez egiteaz gain, seriotasun eta sinisgarritasun falta neurrigabea erakutsi ditu, zeren aurtengo aurrekontuetan aitzineko urteko Tokiko Inbertsio Planeko 42 milioi euroak ordaintzeko, 37 milioi bertzerik ez baititu bideratu». Hau da, 2011an egindako obrak ordaintzeko 5 milioi guttiago bideratu ditu. Honek erran nahi du aurtengo obretan hasteko ere, lehenbizi aintzineko urteko 5 milloiak lortu beharko dituela. Horrela, udalerri aunitzetako 2012ko lanak ez dira egiten ahalko, tartean Baztanen aurrikusita zeuden aipatutako lanak.

Hala, udaletxeek aurrikusitako obrei uko egiteko eta horrela diru hori bertze gisa erabili ahal izateko Nafarroako Gobernua legea aldatu eta erraztasunak ematen ari da. Baina lortutako diru hori ondotik ze lehentasunen arabera erabiliko duten galdegiten hasita, ez dute irizpide publikorik eman.

Garbiñe Elizegiren ustez, «Nafarroako Gobernuaren kontuak kudeaketa txar baten emaitza dira eta udalerriak eta herritarrak baztertzen ditu. Kudeaketa txar horrek arduradun politikoak ditu Baztanen UPNren udal taldea, Baztango udal gobernuari aurrekontuen harira zernahi erranka ibilita beren alderdiaren kudeaketa ezin txarragoa agerian gelditu da bertze behin baztandarrak baztertuz. Horren aitzinean Baztango UPN Iruñeko beren buruzagiei kontuak eskatu beharrean nahasmenduan bertzerik ez dabil, Baztango udal gobernuari direnak eta ez direnak egotziz».

Agerraldia akitzeko alkateak zera adierazi du: «Baztandarrek herrietan ura izateko eskubidea dugu; uholdeetako kalteak moldatzeko eta funtzio sozial nabarmeneko bideak konpontzeko eskubidea. Eta hori galerazten duena Nafarroako Gobernua da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun