N-121A errepidean Almandoz eta Belateko tunelen segurtasuna hobetzeko asmoz, tunelen aho inguruetan matxuratutako kamioiendako hiru geldigune egokituko dira Aste Santu ondotik, eta horrez gain, seinalizazioa hobetu eta zainketarako hiru bideo kamera berri paratuko dira.
Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza Departamentuak eginen ditu lanak eta horretarako 268.020 euroko inbertsioa eginen da. Hilabete eta erdi iraunen dute lanek, baina ez dute trafikoan eraginik izanen. Mariezkurrena erainkuntza enpresak eginen ditu aparkalekuak, Señalizaciones Lacroix enpresak seinalizazioak eta SICe enpresak jarriko ditu bideo kamerak.
Neurri hauekin, gidariek bere ibilgailuan arazoren bat dutela dakitenean, gelditzeko leku bat izatea nahi da, arazoa bertan moldatu ahal izateko edo laguntza eskatzeko. Arazo mekanikoak dituzten ibilgailuek debekatua izanen dute tuneletarako sarbidea eta trafiko agintariek seinalizazioa errespetatzen ez dutenei isunak jartzeko ahalmena izanen dute.
Belateko tunelaren alde banatan eta Almandozko tunelean Iruñerako sarbidean eginen dira geldiguneak. Almandozko tuneleko Irunerako sarbidean, berriz, Mendiola auzorako sarbideko zabalgunea aprobetxatuko da.