Elizondoko Giltxaurdi kirolgunearen kudeaketaz arduratzeko enpresa publikoa osatuko du Udalak. Halaxe jakinarazi zuten joan den asteko agerraldian Udal Gobernua osatzen duten Ezkerra eta Bilduk. Bilduko Mikel Ortega eta Ezkerrako Iñigo Iturraldek azaldu zutenez, «kirolguneak Udalek ez dituztenez zuzenean kudeatzen ahal eta enpresa pribatuen esperientzia garestia denez, herritarrei zerbitzu hoberena modu eraginkorrenean emateko aukera onena eta, momentuz bakarra, enpresa publikoa sortzea da».
Bildu eta Ezkerrako zinegotzien arabera, «Nafarroako Gobernuak udal igerilekuak egiteko dirulaguntzak ematea erabaki zuelarik, kudeaketa udalek zuzenean egin ahal izatea espreski galerazi zuen, kudeaketa enpresa pribatuen bidez egitera bultzatuz. Geroztik ikusi ahal izan da kudeaketa eredu hori udaletxe eta herritarrendako garesti eta eskasena dela, eta gainera, UPNren ingurukoek sortutako enpresa taldeak sektorean nagusitu direla». Udal Gobernuaren irudiko, «agerian gelditu da enpresa pribatuen bidezko kudeaketa ez dela herritarren hobe beharrez egin, baizik eta interes talde zehatz batzuen hobe beharrez».
Kirolguneagatik Udalak urtero 97.781 euro gehi BEZ ordaindu dizkio 2006tik gaur artio kiroldegia kudeatu duen Masquattro enpresari. Oraingo bazkide kopuruarekin (999) ezin dela finantzatu diote zinegotziek, «arrazoizko muga batetik harago tarifak ez baitira kariotzen ahal». Gisa berean, adierazi dute «enpresa pribatu edo publiko batek kudeatu, Udalak diru ekarpena egiten jarraitu beharko duela. Baina enpresa publikoaren kasuan ‘industria etekina’ esku pribatuetan gelditu beharrean, publikoetan gelditzen da –2010ean 32.000 euro–, eta horrekin eta aurreikusi diren bertze egokitzapenekin Udalak urtero egin beharreko ekarpena ttikiagoa izanen da, hau da, igerilekuaren kostua merkeagoa izanen da».
Enpresa publikoa sortuta, helburu soziala «bailararen kultura, kirol gizarte eta ekonomia sustapena izanen da –diote Bilduk eta Ezkerrak–, aitzinerago beharrezkoa ikusten bada, bertze jardueretarako erabili ahal izateko». Udalbatzarraren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, hilabete eta erdiko epea izanen da enpresa publiko berriaren memoriari eta estatuei ekarpenak egiteko. Tarte horretan ekarpenak biltzeko aukera izanen da. Behin betiko onarpena udalbatzarrak emanen dio.