Hilero bezala, berripapera kaleratu du Bilduk. Bertzeak bertze, Giltxaurdi udal kirol instalazioa enpresa publikoak kudeatzearen aldeko apustuaren inguruan dihardu, baita Udal Planean herritarren parte hartzeari buruz ere. Gai hauek ere aipagai ditu:
Ingurugiro batzordea
Hasiera batean nekazaritza, mendia eta ingurugiro batzordea bazen ere, jende aunitz zegoela ikusita, ingurugirorako eta nekazaritzarako batzorde bana sortzea erabaki dela jakinarazi du.
Almandozko harrobia
Almandozko harrobiaren aferaz ere ari da Bildu. Batzar Nagusian gaiaren inguruan aritzeko batzorde berezia sortu da, udal ordezkari eta herrietako alkateekin. Herritarrekin, harrobiko jabeekin eta afektatuak izan daitezkeen luberrietako aprobetxamendua dutenekin bilerak egin direla azaldu du, eta herritarren baldintzen zerrenda egin eta harrobiko nagusiekin horietaz solastu direla konpromisoak erdiesteko. Orain artekoaren berri emateko batzarre informatiboa eginen dela iragarri du.
Zaborren batzordea
Zaborren ordenantza fiskalak ekain edo uztailerako prest egonen direla aurreikusi du Bilduk. Halere, zaborren gaian «afera garrantzitsuenetakoa» hondakin organikoena dela dio: «Nafarroako hiri hondakinen plan integral berriak iraun artean, gai organikoen bilketa berezitua %50erat iristeko helburua ezarri da, gero konpostajerat edo liseriketa anaerobikorat bideratzeko».
Momentuz, Udalak 137 konpostagailu eskainiko ditu eta apirilerako hemen egotea espero du. Elizondoko Baztan Berri auzoan konpostagailu komunitarioa ezartzeko konpromisoarekin taldea ere osatu omen da. Esperientzia pilotu hau ongi ateraz gero, bertze bizitza-blokeetarat hedatzeko asmoa du.
Baratzeen egitasmoa
40 baztandarrek eman zuten herri lurretan baratzeak egiteko Udalaren ekimenean izena, 30ek Elizondon. Lurrak eskuratzeko partikular batekin tratua itxi nahian ari zen Udala lerro hauek idazterakoan, lurzatian 30 baratze egiteko. Bitartean, erabilera arauak zehazteko, Aizarotz, Noain eta Donibane Lohizuneko baratzeak bisitatu ditu Udalak.