«UPNk egiten duen politika komunikabideetan titularrak bilatzea bertzerik ez da. Lehenik bilgarria prestatu eta ondotik bete. Poltroietatik, zesantietatik eta administrazio kontseiluetako dietetatik bizi direnen ohiko jokatzeko modua». Halaxe erantzun diete Udal Gobernuko taldeek, Bilduk eta Ezkerrak, UPNk prentsaurrekoan errandakoei.
UPNk Udalaren funtzionamenduan «etengabeko txapuza» salatu zuen, eta horrekin «alarma sortzea» egotzi dio Udal Gobernuak, «nahiz eta baztandarrek orain artio ikusi dutena udaletxe ireki, parte hartzailea, hurbila eta eraginkorra dela izan den». Gaineratu dute, «titularraren ondotik, estalkia betetzeko, epealdi luze bateko gisa eta garrantzi desberdineko gertakarien zerrenda; helburua: aitzinetik egindako irudi faltsua hedatzea».
Udalbatzarren aretoan egindako agerraldiaren gaiaz ere ari da Udal Gobernua: «udaletxe ireki batean inongo garrantzirik ez duen afera. Alta, UPNk udalbatzarrean erregearen, hau da, Francoren oinordekoaren, diru publikoaren kontura bizi den horren argazkia egoteko egiten duen eginahalak UPNk Udalari eta baztandarrei dien errespetua zein den argi erakusten du».
Udal idazkari posturako hizkuntz eskakizunen aferaz ere dihardu: «joan den ekaineko gaia da, dagoeneko solastatua, argitua eta konpondua dagoena, nahiz eta akaso ez diren konturatu». Horrekin batean, «Udalak oharkabe euskara hutsez igorritako jakinarazpen baten kasua» ere aipatu dute: «zeinak UPNrendako euskara errusiaren gisakoa dela jakiteko balio izan digun». UPNren ikusmolde «kolonialista» horrek euskaldunoi, Baztango gehiegoari «zenbaterainoko ezinikusia digun erakusten digu», erran dute Bilduk eta Ezkerrak, eta nabarmendu dute «UPNkoek euskaraz ez jakiteagatik Udalak udalbatzar eta batzordeetarako itzultzaile lanetarako duen gastu erantsia».
Batzorde informatiboen inguruan, «aldi jakin batzuetan udalbatzarraren aitzinetik egitea pasa izan zaigula», onartu du Udal Gobernuak: «ezbairik gabe, hori gure akatsa da eta gure asmoa hori zuzentzea eta udal jarduera hobetzea da». Udal batzordeak murriztu direnaren inguruan, ordea, «gaia eztabaidan dagoela eta Nafarroako Administrazio Epaitegiak argitu beharko duela», adierazi dute. Bilduk eta Ezkerrak zera argitu dute: «eztabaida politikoa guttietsi gabe dietak aurreztu ditugu. Orain artio, aldika puntu bakarra zuten edo lau minutu bertzerik irauten ez zuten batzorde informatiboetarat joateagatik zinegotzi bakoitzak 100 euro kobratzen zituen. Gure proposamena batzordeetan guttieneko lan-zama segurtatzeko izan da, horrela 100 euroko ordainketa hori errentabilizatzeko». Hirigintzako gaiak batzorde zabal horietan ukitzen direla azaldu du Udal Gobernuak eta Aroztegia eta Elizondoko 1. Banaketa Areari buruzko informazio zehatza nahi badute prentsan beharrean bertan galdegin beharko dutela adierazi diote UPNri. Momentu honetan dozena bat batzorde ireki martxan daudela ere azpimarratu nahi izan dute eta horietan ehun herritar inguruk parte hartzen dutela. Bide batez, batzorde horietan nahi duten herritarrek parte hartzen ahal dutela oroitarazi dute.
Akten kontuan, «gure borondatea gisakorik ez errepikatzea da eta, horretarako, egin beharrekoak eginen ditugu», diote Bildu eta Ezkerrak. Nolanahi ere, gogoratu dute, «lehendabiziko aldia dela Udala elebiz ari dela lanean eta horrek udal teknikari batzuendako lan bikoitza suposatzen duela. Nafarroako Gobernuari aurrekontuetan aurkeztutako emendakin bidez itzulpen lanetarako laguntza eskatu diogu, baina ukatu egin digu; horrek Udalaren jardun arrunta zailtzen du».
Egindako «akatsak guregain hartzen ditugula» erran dute, baina Bildu eta Ezkerraren irudiko, «bistan da UPNk ‘etengabeko txapuza’ dela errateko erabili dituen argudioek ez dutela errealitatearekin bat egiten. Horrek erakusten duen bakarra UPNk herritarren alde lanean ari den udaletxe herrikoi eta ireki honen aurka duen jarrera suntsikor eta erasokorra da». Aski modu «axolagabean alarma faltsua sortzen saiatu izana» leporatu diote: «aise gehiago eta hobe eginen lukete titular handimandien partez, Gobernuarekin duten hari zuzena Baztanen alde erabiliko balute».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!