Xaloa telebista Nafarroako Parlamentuan izan da. Martxoaren 2an izan ziren eta Xabier Torresek langileen izenean eta Joseba Igarabidek kultur elkarteren izenean bi idatzi irakurri zituzten, Xaloa Telebistaren egoera eta TDT lizentziaren beharra agertuz. Han zeuden alderdi politiko guzietako ordezkariek oniritzia eman, eta ahal den guztia egiteko prest agertu ziren.
Xabi Torresek telebistako sei langileen izenean aipatu zuenez, «ez gatoz zuengana diru bila, lizentzia emanen digun erabaki politiko baten bila baizik, erabaki administratibo bat eskatzen dizuegu, garaiotan lanpostu hauek mantendu ahal izateko, edo gehiago sortu ahal izateko». Izan ere, 15 urtetan eta bereziki TDTa sartu zenetik, egoera alegal batean ari dira eta oraindik ez zaio konponbiderik eman. «Egoera honen mantentzeak gero eta arazo gehiago sortzen dizkigu, eta oraintxe bertan lan erregulazio batean gaude, lansari erdiarekin. Ezin daiteke betirako iraun burua uretan murgilduta; TDTan emititzeko lizentziarik ez edukitzeak, kanal analojiko zaharkituak erabiltzera kondenatzen gaitu eta enpresa gisa garatzea ez gaitu uzten», aipatu zuen Torresek.
Joseba Igarabidek Xaloa Kultur Elkartearen izenean, lizentziak banatzerako orduan gure eskualdea mapatik kanpo gelditu zela aipatu zuen eta egoera honek galera ekonomiko handiak eragin dizkiela. Horretaz, Xaloarentzat lehentasun osoa du TDT lizentzia bat eskuratzeak, «proiektuak segitu ahal izateko, lanpostuak mantentzeko eta eskualdeko informazio zerbitzua eskaintzeko».