Elizondoko igerilekuak kudeatzeko enpresa publikoa sortuko du Baztango Balleko Etxeak

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 13a

Baztango Ezkerrako Iñigo Iturraldeko eta Bilduko Mikel Ortegak Baztango Udalaren asmoa azaldu zuten prentsaurrean. Alicia Del Castillo

Martxoaren 13ko udal batzarrean aurkeztuko dute proposamena Bilduk eta Ezkerrak

Baztango udal gobernua osatzen duten Ezkerrak eta Bilduk jakinarazi dutenez, Elizondoko Giltxaurdi kiroldegiko eta igerileku estaliko kudeaketaz arduratzeko enpresa publikoa osatuko du Balleko Etxeak.

Baztango udal gobernua osatzen duten Ezkerrak eta Bilduk jakinarazi dutenez, Elizondoko Giltxaurdi kiroldegiko eta igerileku estaliko kudeaketaz arduratzeko enpresa publikoa osatuko du Balleko Etxeak.

Martxoaren 12an Baztango Udalaren proposamena aurkeztu zuten Bilduko Mikel Ortegak eta Ezkerrako Iñigo Iturraldek. Bi zinegotziek gogoratu zutenez, «Nafarroako Gobernua udal igerileku estaliak diruz laguntzen hasi zenean, kudeaketa pribatuaren aldeko apustua egin zuen, instalazio horiek zuzenean udalek kudeatzeko aukera alde batera utziz». Bildu eta Ezkerraren arabera, «denborak erakutsi digu kudeaketa mota hau dela garestiena eta herriendako onura gutien dakarrena».

Urtero Baztango Udalak 97.781 euro ordaintzen ditu Giltxaurdiko kirol instalazioen kudeaketaren truke. Instalazioak 2004an ireki ziren eta gaur egun 999 bazkide ditu. «Hasierako aurrikuspenek –aipatu zuten bi zinegotziak– 1.500 bazkidera ailegatuko zela zioten, baina mila inguruan gelditu da eta muga batetik goiti ezin dira tarifa igo. Beraz, honela ezinezkoa da instalazioak bere burua ordaintzea». Baina Bildu eta Ezkerraren ustez, kudeaketa publiko batekin «mozkin industriala delakoa, 2010ean 32.000 eurokoa izan zena, Balleko Etxera itzuliko da eta herriaren esku geldituko da. Eta diru hori aurreztu edo instalazioetan inbertitu ahal izanen da». Aurrezte bide horretan, argindarra lortzeko biomasa erabiltzea ere aztertzen ari dira.

Bildu eta Ezkerraren proposamena martxoaren 13ko udal batzarrean aurkeztuko da eta, gehiengoa dutenez, aitzinera aterako da. Behin enpresa publikoaren sorrera onartu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman ondotik, hilabeteko epea izanen da alegazioak aurkeztek eta gero behin betikoz onartuko da.

Orain arte Mas quatro enpresak kudeatu ditu Giltxaurdiko kirol instalazioak eta udala konforme dago egin duen lanarekin. «Erabakiak ez du kudeaketa horrekin zerikusirik. Kontratua akitua da eta orai luzapenean dago eta kontent gaude izan duten jarrerarekin» zioten zinegotziek. Gaur egun 16 langile ari dira kirol instalazioetan eta kontratuak luzatuko zaizkiela aipatu dute Iturraldek eta Ortegak, nahiz eta gerente berri bat paratuko den. Uda honetarako kudeaketa publikoa izatea espero dute Balleko Etxean, «nahiz eta epe aldetik juxtu gabiltzan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun