«Titularrak bilatzea» leporatu diote Baztango Ezkerrak eta Bilduk UPNri

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 8a

UPNren agerraldiari erantzun dio Udal Gobernu Taldeak

«UPNk egiten duen politika komunikabideetan titularrak bilatzea bertzerik ez da. Lehenik bilgarria prestatu eta ondotik bete. Poltroietaik, zesantietatik eta administrazio kontseiluetako dietetatik bizi direnen ohiko jokatzen modua». Halaxe erantzun diete Udal Gobernuko taldeek, Bilduk eta Ezkerrak, ohar bi­dez UPNk prentsaurrekoan errandakoei.

«UPNk egiten duen politika komunikabideetan titularrak bilatzea bertzerik ez da. Lehenik bilgarria prestatu eta ondotik bete. Poltroietaik, zesantietatik eta administrazio kontseiluetako dietetatik bizi direnen ohiko jokatzen modua». Halaxe erantzun diete Udal Gobernuko taldeek, Bilduk eta Ezkerrak, ohar bi­dez UPNk prentsaurrekoan errandakoei.

UPNk Udalaren fu­tzio­namenduan «eten­gabeko txapuza» salatu zuen, eta horrekin «alarma sortzea» egotzi diote Bilduk eta Ezkerrak, «nahiz eta baztandarrek orain artio ikusi dutena udaletxe ireki, parte har­tzailea, hurbila eta eragin­korra izan den». Gaineratu dutenez, «titularraren ondotik, estalkia betetzeko, epealdi luze bateko gisa eta garrantzi desberdineko gertakarien zerrenda; helburua: aitzinetik egindako irudi faltsu bat hedatzea».

Udalbatzarren aretoan egindako prentsa agerraldiaren gaiaz ere ari da Udal Gobernua oharrean: «udaletxe ireki batean inongo garrantzirik ez duen afera. Alta, UPNk udalbatzarrean erregearen, hau da, Francoren oinordekoaren, diru publikoaren kontura bizi den horren argazkia egoteko egiten duen eginahala, UPNk Udalari eta baztandarrei dien errespetua zein den argi erakusten du».

Udal idazkari posturako hizkuntz eskakizunen aferaz ere badihardu: «joan den ekaineko gaia, dagoeneko solas­tatua, argitua eta konpondua dagoen gaia, hain­ zuzen, nahiz eta akaso ez diren konturatu», dela oroitaraztearekin batera. Horrekin batean, «Udalak oharkabe euskara hutsez igorritako jakinarazpen baten kasua» ere ageri da oharrean: «zeinak UPNrendako euskara errusiaren gisakoa dela jakiteko balio izan digun». UPNren ikusmolde «kolonialista» horrek euskaldunoi, hau da, Baztango gehiegoari «zenbaterainoko ezinikusia digun erakusten digu», erran dute Bilduk eta Ezkerrak, eta nabarmendu dute «UPNkoek euskaraz ez jakiteagatik Udalak udalbatzarretarako eta batzordeetarako itzultzaile lanetarako duen gastu erantsia».

Batzorde informatiboen inguruan, «aldi jakin batzuetan udalbatzarraren aitzinetik egitea pasa izan zaigula», onartu dute Bilduk eta Ezkerrak: «ezbairik gabe, hori gure akatsa da eta gure asmoa hori zuzentzea eta udal jarduera hobetzea da». Udal batzordeak murriztu direnaren in­guruan, ordea, «gaia eztabaidan dagoela eta Nafarroako Administrazio Epaitegiak argitu beharko duela», adierazi dute. Bilduk eta Ezkerrak zera argitu dtue: «eztabaida politikoa gu­ttietsi gabe dietak aurrez­tu ditugu. Orain artio, aldika puntu bakarra zuten edo lau minutu ber­tzerik irauten ez zuten batzorde informatiboetarat joateagatik zinego­tzi bakoitzak 100 euro kobratzen zituen. Gure proposamena batzordeetan guttieneko lan-zama segurtatzeko izan da, horrela 100 euroko ordainketa hori errentabi­lizatzeko». Hirigintzako gaiak batzorde zabal horietan ukitzen direla azaldu dute Bilduk eta Ezke­rrak eta Aroztegia eta Elizondoko 1. Banaketa Areari buruzko informazio zehatza nahi badute prentsan beharrean bertan galdegin beharko dutela adierazi diote UPNri. Momentu honetan dozena bat batzorde ireki martxan daudela ere azpimarratu nahi izan dute eta horietan ehun herritar inguruk parte har­tzen dutela. Bide batez, batzorde horietan nahi duten herritarrek parte hartzen ahal dutela oroitarazi dute.

Akten kontuan, «gure borondatea gisakorik berriro ez errepikatzea da eta, horretarako, egin beharrekoak eginen ditugu», diote Bilduk eta Ezkerrak. Nolanahi ere, gogoratu nahi izan dute, «lehendabiziko aldia dela Baztango Udala elebiz ari dela lanean eta horrek udal teknikari ba­tzuendako lan bikoitza suposatzen duela. Nafa­rroako Gobernuari aurre­kontuetan aurkeztutako emendakin baten bidez itzulpen lanetarako laguntza eskatu diogu, baina ukatu egin digu; ho­rrek Udalaren jardun arrunta zailtzen du».

Egindako «akatsak guregain hartzen ditugula» adierazi dute, baina Bildu eta Ezkerraren irudiko, «bistan da UPNk ‘etengabeko txapuza’ dela errateko erabili dituen argudioek ez dutela errealitatearekin bat egiten. Horrek erakusten duen bakarra UPNk he­rritarren alde lanean ari den udaletxe herrikoi eta ireki honen aurka duen jarrera suntsikor eta erasokorra da». Aski modu «axolagabean alarma faltsua sortzen saiatu izana»leporatu diote UPNri: «aise gehiago eta hobe eginen lukete titular handi-mandien partez, Gobernuarekin duten hari zuzena Baztanen alde erabiliko balute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun