Munduko Sokatira Txapelketa jokatu zen otsail hondarrean Perth-en (Eskozia), eta Euskal Herriko sokatira taldeen artean, Amaiurko gizonezkoak han izan ziren. Bi domina lortuta itzuli zen etxera.
Gizonezkoen 560 kiloko txapelketan Amaiurrek hirugarren posturako lehia jokatu zuen Txina-Taiperen aurka, eta aise irabazi zizkion bi tiraldiak. Honela, Amaiurrek brontzezko domina lortu zuen. Abadiñok zilarrezko domina kolkoratu zuen, finalean Country Club (Ipar Irlanda) taldearen aurka bi tiraldiak galduta.
600 kiloko kategorian, Amaiurrek ez zuen finalerdietara sailkatzerik lortu, baina 600 kiloko txapelketa mistoan, podiumeko hiru koxkak euskal ordezkariek bete zituzten. Talde mistoak lau emakumezko eta bertze horrenbertze gizonezkorekin osaturiko taldeak dira. Lau taldek eman zuten lehian aritzeko izena, eta tartean ziren, Ibarra (Gipuzkoa), Badaiotz-Abadiño (Gasteiz, Araba-Abadiño, Bizkaia) eta Sakana-Amaiur (Arbizu eta Amaiur, Nafarroa). Ligaxka jokatu zuten, eta Ibarrako zortzikoak jantzi zuen txapela; Badaiotz-Abadiño izan zen txapeldunordea eta Sakana-Amaiur hirugarren.
Emakumezkoen 540 kiloko txapelketan Badaiotzek (Gasteiz, Araba) zilarrezko domina kolkoratu zuen eta 600 kilokoan, berriz, urrezkoa.