Baztango UPNren kargu publikoek duten «gaitasun falta nabarmena» salatu du Ezker Abertzaleak ohar bidez. Herritarren %77 euskalduna den udalerrian, UPNren bortz zinegotzietatik batek bakarrik daki euskaraz, «nahiz eta udalbatzar eta Batzar Nagusi gehienetan erdaraz bertzerik ez aritu», dio Ezker Abertzaleak. Gaineratu duenez, «euskaraz ez jakiteak eta horrek dakarren gaitasun faltak udalbatzarretan, Batzar Nagusian eta batzordeetan arazo eta gastu aunitz sortzen ditu: adibidez, itzultzaile gastuak».
UPNko hautetsi publikoen «prestaketa faltaz» mintzo da eta «gaitasun falta konpondu eta euskaraz ikasi beharrean azken aldian harrokerian eta espantukerian aritzea», leporatu dio Ezker Abertzaleak. «Horren erakusgarri dira idatziak euskaraz sartzen direlarik edo taldeen izenean norbanakoek idatziak euskaraz aurkezten dituztelarik egiten dituzten isti eta keinuak eta izaten duten jarrera». UPNk argitaratutako hondarreko berripapera ere aipatu dute: «eskuin muturrarena lasai aski izan daitekeen tonu erasokorra eta errespetu eskasekoa erabiliz, erdara hutsean argitaratu dute, euskararen guttiagotze eta bazterketan aktiboki parte hartuz». Dena den, horrek ez du «sobera harritzen» Ezker Abertzalea: «UPN dagoen toki guztietan aski nabarmena baita, bai Nafarroako Gobernuan euskarazko komunikabideei laguntzak kenduz erdarazkoei milioiak ematen dizkien biztartean, edo Baztanen hizkuntza-kolonizatzaile gisa jokatuz. Helburua beti bera, euskaldunak azpiratzea».