Bagordiko hondakin begetalendako zabortegian gisa guztietako hondakinak botatzen direla ikusita, hori erregulatzea erabaki du Udalak eta aitzineko alean aipatu bezala, zabortegia itxi eginen du. Hala, udaltzainak arduratuko dira zabortegia irekitzeaz. «Modu horretan, bertan hondakin begetalak bakarrik botatzen direla bermatuko da», azaldu du ohar bidez Mikel Ortega zinegotziak.
Zabortegira zerbait eraman behar dutenek aitzinetik udaletxera deitu beharko dute, udaltzainekin harremanetan jarri eta zerbitzua antolatzeko. Orain arte bezala, Bagordiko zabortegiaren erabilpena doakoa izanen da. Zabortegia ixteko lanak egiteko, hiru aurrekontu eskatu zituen Udalak eta aurkeztutakoen artean, merkeenari esleitu zaizkio lanak, Juan Pedro Agerrebereri, hain zuzen, 808,50 eurotan.
Bide batez, mendiak ez direla zabortegiak oroitarazi nahi izan du Udalak, eta gaineratu du, «udal zerbitzuak erabilgarri daudela edozein momentutan mota guztietako hondakinak kudeatzeko». Obretako hondakinak Oharrizko zabortegira eraman behar dira eta neurri haundiko hondakinak biltzeko etxez-etxeko bilketa zerbitzua ere eskaintzen dela gogoratu dute. Beraz, obrako hondakinak Oharrizera eramateko eta hondakin begetalak Bagordira eramateko 948 580006 edo 617 609332ra deitu behar da. Neurri haundiko trasteen kasuan, Emauseko Trapuketariei, 948 451979ra.
«Denon artean Baztango inguruak garbi manten ditzagun». Horixe da helburua.