Magnak Zilbetin egin nahi duen harrobiaren proiektuan, tunela egiteko herrilurrak uztearen alde egin zuen Udalak UPN eta Ezkerraren botoekin, eta desafekzioaz erabakitzeko prozeduraren inguruan ez dira konforme agertu herrietako alkateak eta junteroak. Berroeta, Aniz, Oronoz, Arraioz, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo, Arizkun, Erratzu, Azpilkueta eta Amaiurko herrietako alkateek eta Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuko junteroek oharra kaleratu dute gaiaren harira.
UPN eta Ezkerraren jarrera kritikatu dute: «biek legitimazioa eman diote Batzar Nagusiari desafekzioaz erabakitzeko, bi aldiz debatean sartuz eta bi aldiz bozketan parte hartuz. Ez batak, ez bertzeak ez dute onartu bertan erabakitakoa», diote. «Errespetu falta ikaragarria dela» iritzi diote eta «hau dena zeren truke egiten duten» galdetu diete UPN eta Ezkerrari.
Desafekzioaz erabakitzeko konpetentzia Kintoko Mankomunitatearena dela eta bertako Baztango ordezkariak alkatea eta alkateordea direla oroitarazi dute alkate eta junteroek: «ez gara sartuko gure ordezkarien bozka non erabaki behar den epaitzera, Batzar Nagusian ala Udalean, baina erabili gaituztela argi dago eta burla hutsa izan da». Gaineratu dutenez, «batzarrak deituarazi dituzte zenbait herritan eta bertze batzuetan ez. Dena itxura izan da eta humiliatuak sentitu gara». «Batzar Nagusian bozka zein izanen zen erabakia bazegoen, Mankomunitatean Baztanek eman beharreko bozka zergatik eraman duten udal plenora», galdegin dute, etekin politikoa ateratzeko baztandarren hitzaren kontra jo bidenabar?». Oharrean azaldu dute, «urtarrileko Batzar Nagusia egin zenerako Nafarroako Gobernuak desjabetzea eta Magnaren proiektua bideratua zuela jadanik».
Herri aunitzetan ez direla batzarrak egin ezta eskatu ere, aipatu dute alkate eta junteroek: «Batzar Nagusietan herrietako alkateek ematen duten botoa hausnartua eta legitimoa da, batzarrea egin ala ez, Batzar Nagusietan jorratzen diren bertze hamaika gaietan gertatzen den bezala. Gai aunitzei buruz batzarrerik egin gabe erabakitzen da, guztietarako batzarrerik egin behar izan gabe. Herritarrak batzarrak eska dezakete, eta bertzenaz, erabakiren batekin ados ez badago, kontuak eskatzen ditu».
Proiektua auzitegian dagoela eta, epaia ezezkoa bada, nor izanen den arduraduna galdetu dute alkate eta junteroek: «nork ordainduko du horrek ekarriko duen kaltea? UPNk eta Ezkerrak ala Baztan osoak?».